Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Filo Hirota da BMMen koordinatzaile nagusi barria

created by Japoniarrak bere gain hartuko dau Amelia Kawajiren kargua |
|   Komunikazinoa

Berrizko Mesedeetako Misiolariek gaur amaituko dabe XV. Kapitulu Nagusia, gotzaina buru dala, 12:00etatik aurrera ospatuko daben eukaristiagaz. Bost kontinenteetatik etorritako hogeta hamar ordezkari inguru batu da egunotan Gobernu Nagusi barria aukeratzeko. Filo Hirotak, Amelia Kawajik eukan kargua bere gain hartuko dau. Azken hau izan zan koordinatzaile nagusia joan dan azaroan hil zan arte.

Filo Hirota da Berrizko Mesedeetako Misiolarien koordinatzaile nagusi barria. Erlijiosa honeek jarduten daben inguru eta lurraldeetako ordezkariek aukeratu dabe berau, eta bere misinoan lagun izango dauan taldea, kargu horretarako.

Lourdes Gorostola koordinatzaile nagusiak Kapituluaren hasieran inoanez, Gobernua aukeratzeaz batera, “errealidade desbardinen eta testuinguru desbardinetatik heltzen diran dei eta erronkak aurkeztea” izan da batzarraren helburua.

Koordinatzailaren profila

Filo Hirota Japoniako Gotzainen Batzarreko Zuzentasuna eta Bakea Kontseilu Katolikoko nazinoarteko hartu-emonetarako arduraduna da. Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko Emakumezkoen Fondoko zuzendaritza-batzordeko kidea be bada eta kongregazino erlijioso desbardinen bakerako ekimenen ardura dauan lantaldea dan Zuzentasuna, Bakea eta Kreazinoaren Osotasuna kongregazino arteko sarean parte hartzen dau. Nazinoarteko Pax Christi erakundeko batzorde eragileko kidea da. Aurretik, Sor Filo Emakume Erlijiosoen Japoniako Probintzi Buru eta Nagusien Batzordeko presidente izan zan. Honeek bakearen aldeko jarduera antolatu eben desarme nuklearrerako Emakume Erlijiosoen Buruzagitzarako Estatu Batuetako Batzordeagaz alkarlanean. Sor Filo bere egoitza Manilan dauan Asiako Gotzainen Batzarreko Federakundeko Giza Garapenerako Bulegoan Idazkari Exekutibo laguntzailea be izan da. Filo Hirotak Bolivian, Nikaraguan, Filipinetan eta Mexikon jardun izan dau.