Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Familia izan dot diakonotzarako prestatzeko eskola”

created by Roberto Casas Andres, diakono barria: |
|   Komunikazinoa

On Mario Izeta eleizbarrutiko gotzaina buru zala ospatu zan atzo, ekainak 28, Roberto Casas Andresen diakonogintza, Barakaldoko San Bizente Martiria parrokian. Eleizkizunerako atondu eta gaur egungo osasun-egoerarako eskatzen diran garbitasun eta segurtasun neurrietara egokitu zan eleizan leku guztiak bete ziran egun esanguratsu honetan Roberto Casasen ondoan egon gura izan eben fededunekin. On Mario Izeta gotzainagaz batera, On Joseba Segura gotzain laguntzaileak, Felix Alonso Eleizbarrutiko bikario nagusiak eta hainbat abadek, frailek eta diakonok parte hartu eben. Atzoko argazkiak, hemen.

Diakono barriaren hezitzaileetako bat izan dan Felix Alonso bikario nagusiak aurkeztu eban Roberto Casas, “gizon zintzo eta leiala da; jakinaren gainean egin dau hautua eta prest dago diakono izatetik jatorkozan erantzukizunak bere egiteko”. Aurrerago esan ebanez, “gertukoa eta irekia da eta buruz buru zein taldean giza hartu-emonerako gaitasun handia dau”. Bikarioaren esanetan, familia da beretzat eremu garrantzitsuenetakoa, “asko zaintzen dau familia harremana eta bizitza eta bere emazte Merchek eta Maria eta Abraham seme-alabek Robertoren bokazinoa onartzen babesten dabe”. Fellix Alonsok nabarmendu ebanez, Roberto Casasek “gaitasun intelektual handia dau; trebea da hezitzaile lanerako eta prestasuna dau apaltasunetik laguntzeko eta bere bizitzari zentzuna emoten deutsan fede heldua eragile erara aurkezteko. Fede horri esker, otoitza lantzen dauan, lekukotasuna emoten dauan eta besteen alde konprometitzen dan pertsona da eta hori batez be lan-arloan erakutsi dau, fededun lez agertu dalako jarduera sindikalean, karidade eta zuzentasunak benetan kezka eragiten deutsala erakutsiz”. Aurkezpenean, beste hainbat gauza be azpimarratu zituan Robertori buruz: Caritasekin dauan lotura, hezkuntzarekiko lotura, erlejinoko irakasle lez, bere konpromisoa eskaut mobimentuarekin, Barakaldon talde bateko laguntzaile izanik eta “eleiztar-sen eta Eleizbarrutiko kidetasun-sen sakona”.

Prestasuna, apaltasuna eta iraunkortasuna

Gaur –ekainak 29, astelehena- ospatzen dogun San Pedro egunari hainbat aitamen egin jakozan eleizkizunean, gotzainak ekintzarako prestasuna eskatu eutsan diakono barriari: “ezin gara axolagabe geratu sufritzen dagozanen aurrean”; zerbitzu apala be eskatu eutsan, “gabeziak doguzala jakinda”, eta iraunkortasuna otoitzean: “zure bizitza dei egiten deutsun Jaunarengan oinarrituta egon daitela”. Bizitzak, askotan, guk sekula pentsatu bako lekuetara eroaten gaituala be autortu eban gotzainak: “egun honeetan ikusi dogu ze makala dan gure bizitza eta gure mundua; ahalguztidun ginala uste genduan eta “zomorro” nano batek dana pikutara bota deusku. Bizitzak ulertzen ez doguzan bideetatik bagaroaz be, entzun daigun Jauanren deia: ‘etorri eta jarraitu nire atzetik’”.

Roberto Casasen esker ona

Eleizkizunari amaiera emon aurretik, Robertok berba batzuk esan eutsezan eleizan batutakoei. Hasteko esker ona adierazo eutsen gotzainei euren konfiantzagaitik eta han egoteagaitik eta gauza bera egin eban abade, fraile eta diakono kideeikin be. Lehenengo eta behin, familiari zuzendu jaken, esanez: “eurak barik guzti honek ez leuke inongo zentzunik”. “Familia izan dot diakonotzarako prestatzeko eskola”, adierazo eban Roberto Casasek. Gogoan izan ebazan hilda dagoan aita eta, osasun arazoen eraginez, eleizkizunean parte hartzerik izan ez eban ama. Bihotzez gogora ekarri ebazan Eleizan izandako hastapenak, Portugaleteko Nazaret parrokiako alkartea, eta bere lehenengo erreferentea izan zan eta “poz-iturri dan ebanjelioa” agertzera eon eutsan Jose Gomez abadea. JOC, JEC eta Ekintza Katoliko Orokorra mobimentuetan egindako ibilbidea be ez eban ahaztu eta eskerrak emon eutsazan “ospakizuna hainbesteko maitasunez prestatu dauan” eta laguntasuna eskaini deutsan Barakaldoko kristau alkarteari eta, beren-beregi San Bizente parrokiakoari eta eskaut mobimentukeoi, “non, zorionez, talde bateko laguntzaile nazan”; esker onez gogoan izan ebazan, gainera, laguntzen dauan Jesusen taldea eta partaide dan eta atzo bere musikaz ospakizuna girotu eban ‘Schola Cantorum’ taldea.