Kanpaina honetarako lagungarriak orain banatuko dabez hartzaileen artean baina urrira arte ez da martxan jarriko. Beronen bitartez, fededunak, familia harpidetza eginez, inplikatzea lortu gura da. Parrokia batzuek bialketa uztailera aurreratzea eskatu dabe, lagungarriak parrokietako batzordeei ahalik eta bizkorren aurkezteko, honeek bidezko zabalkundea sasoiz egin daien.
Jose Maria Ziarrusta elizbarrutiko gerenteak azaldu dauanez, bikaritza desbardinetan izan dabezan batzarren bidez jakin dabenez, parrokia batzuek euren orrialdeak edo materialak daukiez fededunen partaidetza suspertzeko Elizaren mantenuan, “dana dala –dino aurrerago-, lagungarri barriok bialtzen deutsueguz, bidezkotzat joten badozue, erabili daizuezan eta, holan, urrian, elizbarruti osoan garatuko dan komunikazino-kanpaina aprobetxatu daizuen”.
Liburuxka desbardin bi argitaratu dira: lehenengoa, eliztar guztiei, orokorrean banatzeko eta bigarrena, zerbitzuren bat eskatzera hurreratzen diranei emoteko.
Elizbarrutiko gerentziatik nabarmendu danez, laguntza teknikoa eskainiko jake gura daben parrokiei, batez be txikiei, familia harpidetzak ezelango zailtasun barik kudeatu daiezan. Kontsultaren bat egin gura izan ezkero, gerentziagaz hartu-emonean jarri daiteke, Gotzaitegira telefonoz deituz (94 466 79 79) edo ondorengo helbide elektronikoa erabiliz: jmziarrusta@bizkeliza.org