Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Euskal Herriko Eleizbarrutiek maiatzaren 11tik aurrera kultu publikoari berrekiteko agindua kaleratu dabe

created by Maiatzaren 25ean berrekingo jake pastoral jarduerei |
|   Komunikazinoa

On Mario Izeta Bilboko Eleizbarrutiko gotzainak, On Jose Ignacio Munilla Donostiako Eleizbarrutiko gotzainak eta On Juan Carlos Elizalde Gasteizko Eleizbarrutiko gotzainak agindu bana kaleratu dabe, “datorren maiatzaren 11n, neurriak arindu eta normaltasunerako bideko lehenengo aldiagaz bat”, eleizetan kultu publikoari berrekin ahal izateko. Espainiako Gobernuak kultu-etxeen inguruan aurkeztutako xedapenak, Espainiako Gotzainen Batzarrak kultu publikoaren ospakizunetarako prestatu dauan prebentzino-neurrien agiri orientagarria kontuan hartu eta Eusko Jaurlaritzarekin “kutsatzeen prebentzinorako eta osasunaren babeserako neurriak garatzeko” akordioa adostu ondoren, hiru gotainek, gainera, pastoral jarduerei maiatzaren 25etik aurrera berrekingo jakela xedatzen dabe. Era berean, oraindik aurrerantzean be, “eleiztarrak domeka gorde beharretik” parkatuta dagozala dinoe eta baita beste hau be: “Eleiz egoerak askotarikoak dira eta neurriok lekuan lekuko testuingurura egokituta garatu beharko dira. Baina neurriok ulertu eta gauzatzerakoan, erabateko arduraz jokatu beharra dago, babeserako osasun neurriak betez”. Hona hemen Bilboko gotzainak gure Eleizbarrutirako aldarrikatutako agindua:

Pandemiak baldintzatutako sasoi gogor honetan, osasun-egoerari dagokionez hobekuntza ikusten dala-eta, barri itxaropentsuak jasoten dihardugu eta horrek, ezinbesteko neurriak hartuta, eleiz bizitzako ohiko hainbat jarduerari berrekiteko aukera emoten deusku. Aldi honetan nabarmen aldatu jakuzan pastoral eginkizunak, alkartasun eta maitasun senez, ahalik eta ondoen burutzeko unea da.

Neurri murriztaileak arindu eta zelanbaiteko normaltasunerako bideko aldi honetan, Espainiako Gobernuak kultu-etxeetan eta parrokietako lokaletako jardueretan eragina daben xedapenak kaleratu ditu. Esparru honetan, Espainiako Gotzainen Batzarrak agiri orientagarria ezagutzera emon dau, “eleiza katolikoetan kultu publikorako prebentzino-neurri” garrantzitsuak zehaztuz. Gure Autonomia Erkidegoan, Bilbao, Donostia eta Gasteizko gotzainok akordioa adostu dogu Eusko Jaurlaritzarekin, kutsatzeen prebentzinorako eta osasunaren babeserako neurriak garatzeko. Guzti horregaitik ezinbestekoa da ondorengo xedapenak hartzea:

XEDAPENAK

1. Espainiako Gotzainen Batzarrak proposatutako, Eusko Jaurlaritzarekin hitzartutako akordioan jasotako eta Espainiako Gobernuak aurkeztutako prebentzino-neurriak garatu. Agiriok eranskin erara aurkezten dira.

2. Datorren maiatzaren 11n, neurriak arindu eta normaltasunerako bideko lehenengo aldiagaz bat, eleizetan kultu publikoari berrekin, eranskinetan jasotako neurriak kontuan hartuta. Eraskin 1 Eraskin 2

3. Parrokietako lokaletan egin daitekezan jarduerei maiatzaren 25ean berrekin, neurriak arindu eta normaltasunerako bideko bigarren aldiari ekitean, eranskinetan jasotako neurriak kontuan hartuta. Eraskin 1 Eraskin 2

4. Eleiztarrak domeka gorde beharretik parkatu.

5. Eleiz egoerak askotarikoak dira eta neurriok lekuan lekuko testuingurura egokituta garatu beharko dira. Baina neurriok ulertu eta gauzatzerakoan, erabateko arduraz jokatu beharra dago, babeserako osasun neurriak betez.

6. Xedapen honeek indarrean egongo dira neurriak arindu eta normaltasunerako bideko aldi guztiak bete arte.

Bilbon, 2020.eko maiatzaren 6an

+ Mario Izeta Gabikagoxeaskoa

Bilboko Gotzaina