Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Errege Magoek argi-printzak eroan dabez Basauriko kartzelara

created by Opariez gainera, eta batez be, ilusinoa banatu eben |
|   Komunikazinoa

Badira sei urte Carlos Olabarri eta Borja Uriarte eleizbarrutiko abadeak eta Oscar Jimenez Kartzela Pastoraltzako Bidesari alkarteko arduradun ohia Errege Egunez Basauriko presoei opariak eroaten hasi ziranetik. Atzo egin eben bisita kartzelara eta aurton, ziegetan banatu dabezan 130 paketeen artean, Kartzela Pastoraltzak urte honetan Eleizbarrutiko Alkartasun Zeinuan erabili dan mezuan –‘Rayos de luz – Itxaropen printzak’- oinarrituta prestatu dauan hormako egutegia sartu dabe.

Joan dan urtean, Adsis mobimentuko kide lez, Lomeko (togo) misinora joan zan eta egunotan Bizkaiko senideakaz dagoan Oscar Jimenez izan zan atzo Basauriko kartzelara argi-printzak eroatera joan ziran hiru Errege Magoetako bat. Carlos Olabarri hirukoteko kideetako baten esanetan, “presoek ilusinoz beteta hartzen gaitue eta gu poz-pozik geratzen gara gure opari txikiekin zenbat gozatzen daben ikusita, gauza gitxi izanda be, eurentzat asko dalako”.

Gabonak kartzelan

Bigarren urtez jarraian, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak Basauriko kartzelako presoei eroan deutse Beleneko Bakearen Argia. Gabon-gauez, prosoek Eukaristia ospatu eben, On Joseba Segura gotzain laguntzailea buru zala. Kartzela Pastoraltzarako sailetik, polboroiak eta eguneko Ebanjelioa banatu ebezan.

Lan-kanpamentua

Abenduaren 26tik 29ra, hamar gaztek (Uxue, María, Leire, Ane, Sara, Maite, Mikel, Jack eta David) Kartzela Pastoraltzaren eskutik Basauriko kartzelan ospatu dan lan-kanpamentuan parte hartu dabe. Gazte horreek Bizkaiko hainbat lekutatik –Errekalde, La Peña, Ermua, Erandio, Sestao- etorri ziran.

Karidade eta Zuzentasunerako, Fede-zabalkunde eta katekesirako eta Misinoetarako Ordezkaritzek eta Caritasek suspertutako ekimenaren barruan egiten dan lan-kanpamentuak “bazterketaz jantzitako eremuan Jainkoagaz bat egitea ahalbideratu gura dau”.

Jorge Muriel Kartzela Pastoraltzarako arduradunen esanetan, lau egun “bizi eta sakon izan dira, urduritasun eta ezustekoz betetako egunak, aurrez juzgatzeko ez ezik ikasteko egunak”.

 

 

Kartzela Pastoraltzak egindako egutegia