Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eleiz Museoak zidargintza areto-tailerra zabalduko dau

|   Komunikazinoa

Eguenetik aurrera, Eleiz Museoan tailer bat irudikatuko dauan erakusketa-eremu barria egongo da zabalik zidargintzari eskainita. Hasieratik, Eloi Garcia bilbotar zidargilearen laguntza izan dabe egitasmo hau aurrera eroan ahal izateko.

Datorren eguenetik –urtarrilak 26- aurrera Eleiz Museoan bisitatu ahal izango dan zidargintza-tailerrean hainbat gauza dago ikusgai: bideoa, hainbat pieza, lan-tresnak… eta zidargileak erreferentziatzat ebazan liburuak. Erakusketa-eremu barri honen prestaketa luze joan da eta lan zehatza egin behar izan dabe, Museotik aitatzen dabenez. “Lehenengo interesatzen jakuzan piezak aukeratu doguz eta lan hori Eloyk Iturribide kalean eukan tailerrean egin dogu; ondoren, gauza guzti horreek Museora eroan doguz. Pieza guztiak banan-banan katalogatuta –guztira 1.000tik gora dira-, eta zer egin gura genduan argituta, lekua siseinatu eta eraiki egin dogu”, azaltzen dau Juan Manuel Gonzalez Cembellin Museoko zuzendariak.

Eloy Garcia

Mende erdiz zidar eta brontzezko artisau-lanean aritu ondoren, Eloy Garcia zidargileak (Santurtzi 1929) Bilboko Eleiz Museoari emon deutsaz bere tresnak eta materialak. Estaduan, Sevillako Arte eta Usadio Herrikoien Museoan bakarrik eskaintzen da antzeko zerbait.

Gonzalez Cembellin Eleiz Museoko zuzendariaren esanetan, Eloy Garciaren lana, ikuspuntu teknikotik, kalidade handikoa da eta eleiz artean hain berezkoak diran ereduak jasoten ditu, esaten baterako Kristo edo triptikoa. Biak ikusi ahal izango dira eguenetik aurrera “tailerrean”.