Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

EKO-ACG mobimentuaren X. urteurrena

created by EKO eguna |
|   Komunikazinoa

Atzoko egunez, maiatzak 19, domekea, EKO-ACG (Ekintza Katoliko Orokorra – Acción Católica General) mobimentuaren Bizkaiko taldeek euren eguna ospatu eben Deustuko La Salle ikastetxean. Aurton, gainera, berreraketaren X. urteurrena ospatu dabe eta une berezi honetan, orduan lez, bizitza osorako erreferente izateko aukera emonez, “umeen, gazteen eta helduen sektoreetan bizia eta fedea alkarbanatzeko” aukera emon gura dogu, Josema Incierte eleizbarrutiko arduradunak adierazo dauanez.

X. urteurrena dala-eta, eta abuztuaren 1etik 4ra, laikoen agerpen publikoaren gaia lantzeko (“Jainkoaren ametsa egia bihurtuz”), Ávilan ospatuko dan laikoen topaketaren atariko lez, bideoa egitea pentsatu eben, “hamar urte honeetan egindako bideak eragindako poztasuna erakutsi ahal izateko”. Inciertek azaldu dauanez, bideoan beste hainbat gauza be jaso gura izan dabe: “Jesusen ikasle izatea dakarren gauzak, jarraitzaile lez, gure eguneroko bizitzan hobetu gura doguzanak; gure alkarte-sena, alkartean, bizia daroagun taldeetan jardutea, heziketa, otoitza, fedea, bizitza eta kontrastea batera jarriz eta eginez; parrokia eta pastoral barrutietan txertatzea eta eurotan gogotsu parte hartzea, alkarte harreragileak, Jesusen Barri Ona ospatu eta dagokiezan auzo eta herriei ezagutzera emon gura daben alkarteak eratzen lagunduz; sarean, EKO-ACG mobimentuan, lan egitearen aldeko apustua, Eleizbarrutiaren esanetara eta laiko ardurakideak prestatzeko bitarteko izango dan eremu ireki bihurtuz; geure bizigiroetan (familia, politika, lana, kultura…) jardutera garoazan laiko bokazinoa; bakarkako eta taldeko lekukotasunaren bidez mundua eraldatuko dauan ekintza eta, azken batean, gure gizartea gero eta gehiago Jainkoaren Erreinu izatea helburutzat daukien kristauen agerpen publikoa”.

Dinamika eta tailerren bitartez, alderdi honeek aztertu eta sakondu ebezan eta bakotxaren ezaugarriren bat edo beste batu, bazkalostean grabatu eben bideoan jasoteko. “Musikak, mozorroek, alkartzeak eragindako poztasunak eta grabazinoan izandako hanka-sartzeen ondorengo barreek bete eben Eukaristiaren aurreko tartea. Eta Eukaristian, geure esker ona adierazo genduan urte honeetan alkarregaz bizi izandako guztiagaitik eta beste urte asko beteteko ilusinoagaitik”.

Atzoko topaketa Deustuko La Salle ikastetxean