Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Eguraldiaren eraginez, bertan behera geratu da, Haur Misiolarien egunez, On Joseba Segura buru zala, Madrilen ospatzekotan ziran meza

created by Datorren domekaz eta zuzenean RTVEko 2. katetik |
|   Komunikazinoa

Bilboko Eleizbarrutiko gotzain administratzailea Misinoetarako eta Eleizen arteko Lankidetzarako Gotzain Batzordeko kide da eta hori dala-eta, bigarren urtez jarraian, datorren domekaz, Haur Misiolarien egunari lotutako Eukaristian buru izatekotan zan eta Edith Stein Madrileko ikastetxeko kaperan goizeko 10:30etan ospatuko zan Meza hori zuzenean emotekotan ziran RTVEko 2. Katetik. Azkenean, eguraldi txarraren eraginez Madrileko kaleetan sortu diran arazoak dirala-eta, meza hori bertan behera geratu da, pilatutako edurrak emonaldirako ezinbesteko diran aparatuak daroiezan kamioiak ezin diralako ikastetxera heldu. Horregaitik, meza Bartzelonatik emongo dabe, ordu berean, beste norbait buru dala eta, kasu honetan be TVEko 2. Katetik zuzenean eskainiko da.

On Joseba Segura gotzaina domekara arte dago Madrilen, beste gotzain batzukaz batera, urtero ospatzen dabezan gogo-jardunetan parte hartzen, oraingoan, Jose Maria Rodriguez Olaizola jesuita gidari lanetan ari dala. Teologo eta soziologo honek parte hartu eban, Eva Fernandez Ekintza Katolikoko presidenteagaz batera, kurtsoaren hasierako ekitaldian joan dan irailean.

‘Haur Misiolariak’ mutiko eta neskatoen nazinoarteko sareak misiolariei laguntzen deutse haurrei zuzendutako lanean bere otoitz eta ekarpenakaz. Aita Santuaren ardurapeko Egintza honen bidez, umeak bihurtzen dira misinoko protagonista eta laguntza eskaintzen deutse misinoetako lurraldeetan bizi diran lau miloe ume baino gehiagok hezkuntza eta osasun arloko zerbitzuak jadetsi daiezan eta euren bizia eta fedea zaintzeko eta suspertzeko aukera izan daien. Mundu osoan batutako dirua Alkartasunerako Fondo Unibertsalera zuzentzen da eta hortik Misinoko Lurraldetzat hartzen diran 1.115 eleizbarrutitan banatzen da umeentzako egitarauetan erabilteko. 2020an, 2.800 egitasmo finantzatu ziran.