Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Ceutako errealidadeak bihotza ikutu deusku”

created by Bueltatu da taldea lan-kanpamentutik |
|   Komunikazinoa

Etxean dira, Karidade eta Zuzentasunerako, Fede-zabalkunde eta Katekesirako, Misinoetarako eta Caritaseko ordezkaritzek antolatuta eta Chuki, Maite, Urko eta Belen begirale lanetan zirala, Ceutan ospatu dan lan-kanpamentuan parte hartu daben Bilboko eleizbarrutiko 18 gazteak. Belen Rodero laguntzaileak azaldu dauanez, “orain esperientzia barruratu eta hausnartu egin behar dogu, azaleko esperientzia hutsa izan ez daiten, sustagarri baino, bakotxak bere bizigiroan urratsak emon daizan eta konprometitu daiten, danon artean gure herriak danontzako leku bizigarri eta atsegin egin daiguzan”.

Goizez, uriko hiru ekimenetan lagundu dabe: Kurutze Zuriko Frantziskotarren Aingeruen Andra Maria egoitzan, persona nagusiei eta ezinduei lagunduz; Printzipe auzoan dagoan eta Kurutze Zuria Fundazinoak kudeatzen dauan umeentzako udako eskolan eta Cadiz-Ceutako Migrazinoetarako Ordezkaritzaren ardurapean dagoan etorkinentzako San Antonio zentroan. Arratsaldez, goizez bizi izandako errealidadearen irakurketa sinisteduna egiteaz batera, Ceutako askotariko beste hainbat errealidade ezagutu dabe. Azken egunean, San Antonio zentroko gazte etorkinakaz arratsalde-pasa eta jolasean izan ziran gazteakaz.

Belen Roderoren esanetan, “Samariar ona izan dogu gidari eta maisu lan-kanpamentuan. Berak erakusten dituan jardunbideek eta bere jarrerek busti dabe egun bakotxa eta dei bihurtu jakuz geuk be lagun hurko izateko gaitasuna, oinazetan dagozanen gertuko izateko gaitasuna jokoan jarri daigun. Samariarrak, lurrean, gure urietako bide-bazterretan dagoan norbaiten ondotik igaroten danean, ikusi egiten dau, errukitu egiten da, hurreratu, bere zauriak sendatu egiten ditu, lagun egin eta laguntasuna bilatzen dau. Jesusek dei egin deusku egunez egun, begi barriez ikusi daigun, errukitu eta hurreratu gaitezan… ‘Zoaz eta egin zeuk be gauza bera’, esan deusku gutako bakotxari”.

Ceutako errealidadeak bihotza ikutu deutsela dinoe. Makina bat jarduera garatu dabe, esate baterako, paseatu, gitarra jo eta egoitzako persona nagusiei eta ezinduei lagun egin; jolastu, zine-foruma eta hondartzara joan Printzipe auzoko umeakaz; gaztelania irakatsi, esperientziak, kantuak eta boluntario-esperientziak konpartitu adin bereko gazte etorkinakaz… eta guzti horrek “ia ezabaezina” dan arrastoa itzi deutse.

Egunetako batean, etorkinen alde egiten dauan lanagaitik ezaguna dan Isidoro Macias Martin Kurutze Zuriko frantziskotar frailearen –“Padre patera” izengoitiaz ezaguna- bisita jaso eben eta bere esperientzia ikaragarria entzun.

Egindako bisita guztien artean zirraragarriena, uri guztia inguratzen dauan hesira egin ebena da: “bihotza uzkurtu jaku alde honetara pasatu guran daoan hainbeste laguni etorkizun hoberako bidea galarazteko zer eraikitzen dogun ikustean; amorrua, ezintasuna eta lotsa sentitu dogu, eta batez be egin deuskuen harrera eta kutsatu deuskuen bizi-poza, norbere ametsen aldeko borroka, aurrera egiteko gogoa ikusi eta gero”.

Ceutak beste arpegi bat dau orain neska-mutilentzat. Baina, euren esanetan, zalantza barik “emon doguna baino askoz gehiago jaso dogu”. Roderok dinoanez, horixe da zerbitzuaren eta boluntario lanaren benetako ezaugarria: “norberak daukana, norbera dana konpartitu, alkarri lagun egin, eta hortxe sortzen da hainbeste gauza on: maitasuna, erantzukizuna, zaintzea, lankidetza, samurtasuna, nork bere burua emotea; kristauok hortxe egiten dogu bat gure herri eta urien kanpoaldeetan bizi dan Jesusen Jainkoagaz, hortxe egiten dogu lan ukondoz ukondo mundu zuzen eta anaikorrago bat eraikitzeko ahaleginean dabilzan beste emakume eta gizon batzukaz”.

[Translate to euskera:] El grupo junto al Padre patera