Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bilboko gotzainek laneko duintasuna “erantzukizun, ilusino eta itxaropenez” babesteko eskatzen dabe

created by Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Eguna dala-eta |
|   Komunikazinoa

Urriaren 7an gizalegezko lanaren aldeko munduko eguna ospatuko dotu eta hori dala-eta, On Mario Izeta Bilboko gotzainak eta On Joseba Segura gotzain laguntzaileak gutuna idatzi deutse Eleizbarrutiari, besteak beste, hauxe aldarrikatuz: “Jainkoak bere seme eta alabentzat amesten dauan lez, senide-maitasunean bizi dan gizartea eraikitzeko, ezinbestekoa da desbardintasun sakonak saihestea eta makina bat norbanako eta gizatalde baztertuta edo pobretasunera kondenatuta geratzeko arriskua gainditzea”. Gotzainen ustez, helburu hau lortzeko bitartekorik eraginkorrenetakoa “lan duinerako eta garapen profesional egokirako aukerak sustatzea” da. Idazkia osorik, hemen.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE), era askotako gizarte mobimentuek eta Eleizako hainbat erakundek sustatzen dabe Gizalegezko Lanaren aldeko Munduko Eguna, hain zuzen be, askotariko jarduera publika garatuz, lanaren duintasunaren funtsezko garrantzia agertzera emoteko.

Gotzainek lehenengo aldiz idatzi dabe gai honen inguruko baterako idazkia eta bertan pandemiak eragin dauan bezalako gizarte krisiek “argi eta garbi erakusten dabe askotarikoak eta anitzak dirala laneko baldintzetan eta gizarte eskubideetan ikusi daikeguzan egoerak eta arriskuak. Anitza da, baita be, gizatalde batzuek ala besteek euren aldarrikapenak egiteko daben gaitasuna”.

Gotzainek azaltzen dabenez, gaurkotasunez beteta dago 2011n, Ekonomia gizakien esanetara goiburuagaz kaleratu zan Pastoral Idazkia. Azkenean, hauxe esaten zan: “dei egin nahi izan diegu borondate oneko pertsona guztiei, gizarte eragile eta erakundeei eta administrazio publikoei, era bateratu eta solidarioan krisiari irtenbidea aurki diezaioten; gure gizartearen garapenerako oinarri etiko sendoak eraiki ditzaten; gizalegezko enplegua susta dezaten eta makalenak eta krisiak gehien astindu dituenak defendatzen ahalegin daitezen, gizarte zuzentasunaren eskakizun eta froga bezala”.

On Mario Izeta eta On Joseba Segura gotzainek amaieran dinoenez, “eskura dogun lanaren kalidadea hobetzen ahalegintzea, Jesusek inguruari atsekabetuen beharrizanetatik begiratzeko egiten deuskun deiari erantzuteko bidea da”. Covid-19ak makina bat lagun itziko dau lan barik eta gizatalde askoren laneko baldintzak dezente okertuko ditu. Euren esanetan, “sinistedunok, borondate oneko gizon eta emakume guztiekin alkarlanean, geure esku dagoan guztia egin behar dogu giza alkartea gero eta batuago egon daiten eta horretarako ezinbestekoa da lan duina –gizartearen zutabe nagusienetakoa, zaintzea eta sustatzea. Gure arreta eta babesa merezi dauan hainbat ekimen dago, Eleiza barruan eta Eleizatik kanpo. Jainkoaren Herria osatzen dogunok geure egiten dogu lanaren duintasuna arduraz, ilusinoz eta itxaropenez defendatzeko egitekoa”.

Langile Pastoraltza egun honi begira

Aurton, Eleizbarrutiko Langile Pastoraltzak dei egiten deusku “ERAGILE, GIZALEGEZKO LANAREN ALDE” ekimenean parte hartu daigun. Horretarako, Langile Pastoraltzaren web orrialdean aurkituko dogun dortsala inprimatu eta aldean jarri daikegu, eta ibiltera, korrika egitera, pedalei eragitera… atara gaitekez, argazkia egin eta posta elektronikoz (pastoralobrera@bizkeliza.org) edo whatsappez (605764775) bialdu, urriaren 7ra arte, zenbat kilometro egin dan adieraziz. Gizarte sareetan argitaratuko dira “gizalegezko lanaren alde” egindako argazki eta kilometroak. Horrezaz gainera, urriaren 3an, zapatuz, egindo dan “gizalegezko lanaren aldeko” paseoagaz be bat egin daiteke. Goizeko hamaiketan, Areatzako kioskotik atarako dira ibilbide hau egiteko: Areatza, Campo Volantin, Aita Arrupe zubia, Doña Casilda parkea, Gran Via, Areatza.

Gainera, ‘Aizu!!’ agerkariaren ale barria atara dau egun honetarako. “Abian” jarteko, eragile izateko eskatzen dabe, danon artean lan duinaren aldeko kilometroak batu daiguzan. “Prest zagoz?”, galdetzen dabe, ingurukoei –senideak, lagunak, lankideak,…- dei egiteko eskatzeaz batera. ‘Aizu!!!’ agerkaria, hemen.