STEAM –Science, Technology, Engineering, Arts , Mathematics- sarien banaketa gaur, eguaztena, ospatu da, Jokin Bildarratz Hezkuntzarako Eusko Jaurlaritzako Sailburua bertan dala. ‘Neuronak martxan’ Artxandape ikastolaren egitasmo saritua DBHko 3. mailako azken hiruhilekoan garatzen da, ikasleak motibatzeko eta ikaskuntza praktikoa eragiteko, jakintzagai bakotxean ikasten dabezan edukien erabilgarritasuna ezagutu daien benetako arazo bati konponbide teknologikoa emonez. Matematikez, fisikaz, estatistikaz… baliatzen dira eta bideragarritasun eta marketing egitasmora be iristen dira.
SAAM egitasmoa
Batzorde Europarrak Sopuertako San Viator Eleizbarrutiko ikastetxea aukeratu eban Afrikan Lanbide Heziketarako mugikortasun-egitasmo pilotua burutzeko. Honen bitartez, Afrikako 17 herrialdetan LHko heziketa-sistemak hobetu gura dira eta heziketaren eta lan merkatuaren artean zubiak eraiki. Horretarako, besteak beste, 300 gazte afrikar ingururi euren praktikak europar enpresetan egiteko aukera emoten jake.
San Viator ikastetxeak, beraz, SAAM (Supporting Alliance for African Mobility) egitasmoa garatzeko agindua jaso dau eta ‘Mundus’ nazinoarteko mubikortasunerako espainiar alkarteagaz batera egiten dihardu. Europa eta Afrika artean hirurehun ikasle ingururi mobiduteko aukera emongo jake eta San Viator ikastetxeak koordinatzaile lez dihardu Europako zortzi herrialdetako –Belgika, Frantzia, Alemania, Grezia, Italia, Finlandia, Portugal eta Espainia- eta Afrikako 17 herrialdetako –Kamerun, Kenya, Liberia, Benin, Senegal, Eritrea edo Nigeria nabarmentzen dira- 32 erakundek osatzen daben alkartean.
Egitasmo honen arabera, lehenengo eta behin, Europako irakasleak Afrikako ikastegietara joango dira, banan-banan euren egoera ezagutu eta diagnostiko pedagogikoa eta azpiegiturena egiteko, egitasmoaren zirrara ahalik eta onuragarriena izan daiten ikastegi eta ikasleentzat. Horretarako, europar ikastetxeei afrikar ikastetxeak esleitu jakez eta San Viator ikastetxeari Angola, Benin eta Eritreakoak egokitu jakoz. Lehenengo urrats honen ostean, afrikar irakasleak etorriko dira Europara hilebetez heziketa jasotzeko mugikortasunaren edo inklusinoaren inguruko tekniketan. Beranduago, 300 ikasle afrikar inguru egitasmoan esku-hartzen daben Europako LHko ikastetxeetara joango dira. San Viator ikastetxeak, esate baterako, 22 ikasle jasoko ditu txanda bitan eta hilabete desbardin bitan.