Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Alaine Romero, hiru hilabete Ruandan

created by Urtarrilak 22, Haur Misiolarien Eguna |
|   Komunikazinoa

“Jarraitu niri – Sígueme” goiburupean ospatuko da datorren domekan –urtarrilak 22-, Haur misiolarien eguna. «Comunicación / Alkarren Barri» Eleizbarrutiko aldizkariak Ruandan ume eta gazteakaz bizi izandako esperientziatik bueltatu dan Alaine Romero Azpiazuri alkarrizketa egin deutso.

Bilboko San Bizente Martiria parrokiako kidea dan Alainek Eleizbarrutiak eskaintzen dauan Iparralde-hegoaldea ikastaroan parte hartu eban orain dala urte batzuk eta amaitu ondoren Ekuadorrera hango alkarteakaz bizitzera eta jardutera joateko aukerarik izan ez ebanez, esperientzia hori bizitzeko gogoa eukan. 2016an Eusko Jaurlaritzaren Euskal Gazteria Kooperantea bekan izena emon eban eta horri esker joan da Ruandara eta hiru hilebetez egon da bertan.

“Parrokian –dino Alainek-, gaztetatik ezagutu eta parte hartu dot borondatezko hainbat jardueratan, laguntza eta lankidetzarako egitasmoetn, elikagaiak, materialak, botikak… batzeko kanpainetan. Mendebaldeko mundutik desbardina dan errealitateren bat ezagutzeko eta lekuan bertan egitasmoren batean parte hartzeko gogoa neukan. Beraz, Afrikara, Ruandara, egitasmo honetan laguntzera joateko aukera emon eustenean, ez neban bitan pentsatu!”.

Handik bueltan, Ruandan kooperante lez Caritasen eta Kabgayiko Eleizbarrutian neskato eta mutiko ahulenekin jardun ondoren, bizi izandako esperientzia hori lan eremuz aldatzeko eta bere jarduna garapenerako nazinoarteko lankidetzan diharduen GKEen arlora bideratzeko bultzada eta eragile handia izan dala autortzen dau.

Ruandako egonaldiari dagokionez, zera nabarmentzen dau: “biztanleria oso gaztea da, batez besteko adina 18 urtekoa da. Eta herritarren erdia baino gehiago emakumeak dira. Parlamentuko kideen %66a emakumeak dira”. Bere lana, Kabgayiko Eleizbarrutiko hegoaldeko neskatoen, mutikoen eta gazteen auleziaren inguruko azterlana egitea izan zan. Caritasek galdeketa prestatu eban etxe eta familiari, osasunari, elikadura eskasari, umeen lanari, eskolatzeari, VIH-HIESari, nekazaritzari… buruzko galderakaz. Eleizbarrutia osatzen daben 27 parrokietara bialdu eban eta 5.000 eliz alkarte inguruk erantzun eutsen. Orain, Bilbon, azken txostena idazten dihardue. Dana dala, denpora guztian ez zan Caritaseko bulegoetan lan egiten egon. Hainbat ikastetxe bisitatu eben eta uniformeak eta eskolako materiala banatu eutsiezan neska-mutikoei; Kabgayiko Caritasek egitasmoak dituan mendialdeko herrixkak bisitatu ebezan eta hainbat gizarte jardueratan –ortuak prestatu, etxeak konpondu, neska-mutikoekin jolastu…- parte hartu eben.

OMP

Aita Santuaren ardurapeko Misiolari Egintzak (OMP) deitutako erakundeko zuzendaria dan on Anastasio Gil gotzainak gutuna idatzi dau besteak beste hauxe azalduz: “Haur misiolarien kanpaina gonbidapena da umeak Jesusen ezagutzan, sakramentu-ospakizunean, bizitza ebanjelioaren ikaskuntzan eta konpromiso apostoliko eta misiolarian lehenengo urratsak emoten ari diran eleiz alkarteentzat”. Kanpainaren inguruan gehiago jakiteko: www.infanciamisionera.es

Alaine Romero Ruandan