Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Ahozko historiak gizarte barruan sartzeko balio dau”

created by Ahozko iturriak: historia, didaktika eta artxiboak |
|   Komunikazinoa

Laura Benadiba irakasle argentinarrak eta Lluis Úbeda artxibozain katalanak ahozko iturriei buruzko tailerra eta berbaldia eskaini ebezan atzo, Elizbarrutiko Artxiboak eta ICARO Zentroak antolatutako zikloaren barruan. Ahozko Historia esparru desbardinetan erabiltze aldera, gogoetarako guneak zabaltzeko helburuagaz iaz Argentinan sortu zan “Beste Memoria batzuk” alkarteko kide dira biak.

 

Azken urteetan, agiri historikoak batuz, artxibatuz eta zabalduz egin daben lanari esker jadetsitako ezagutzatik jarduten dabe Laura eta Lluisek. Kilometro asko egin dabez jasotako historia eta kontakizunak konpartituz baina “ikerketaren eta irakaskuntzaren artean dagoan tartea txikiagotzea” da euren ardura nagusienetakoa.

Laura Benabidak argi ikusten dau irakaskuntzak herritar “kontziente, kritiko eta partehartzaileen” heziketa ahalbideratuko dauan kontzientzia historikoaren garapenari ekarpena egin behar deutsola. Hain zuzen be, praktikak emaitza onak emoten deutsaz, “ikasleak, benetako istorioak ikusten eta entzuten dabezanean, gehiago inplikatzen diralako eta distantziak murriztu egiten diralako”. Lluisen esanetan, Ahozko Historiak “eskualdeko historiaren beraren” lehenengo iturrietara hurreratzen ditu irakasle eta ikasleak.

Laura Benabidak ikasgelan erabilten dauan metodologiaren biez iraganaren berreraketea egiten dau teknologia barriak erabiliz. Bostehun alkarrizketatik gora ditu grabatuta eskolako ikus-entzunezko artxiboan eta irakasleek sarritan darabile “campus birtuala”. 

Ahozko historia eta konpromisoa

Laura eta Lluis euren inguruagaz konprometituta dagozan personak dira eta egitasmo solidarioetan parte hartzen dabe, euren esanetan “ahozko historiaren metodologiak gizarte barruan sartzeko balio” daualako. Laurak Adolfo Pérez Esquivel Bakearen Nobel saridunak Argentinako herrixkarik pobreenetako umeekin garatzen diharduan egitasmo solidarioan laguntzen dau. Hamar urte daroez alkarregaz lanean eta hauxe egiten dau Laurak: egunero gazteen historiak grabatu eta handik urte batzuetara erreproduzitu, euren egoerea zelan aldatu dan ikusi daien.

Laurak Alzheimerra edo erotasunen bat jasaten daben personekin be jardun izan dau, “euren historia kontatzen eta, holan, euren oroitzapenak bizten” lagunduz.

Ahozko historiak beste erabilera asko be badau, “iragana ezagutzeko eta oraina aldatzen saiatzeko balio dau” dino, azkenean, laurak.

Lluis Úbeda y Laura Benadiba.