Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

DDubois irakasleak eskeini eban “Pobreziaren hondamena” kanpaina ixten dauan ETPIaren asteko lehenengo berbaldia

|   Komunikazinoa

Alfonso Dubois EHUko irakasleak hasi eban atzo arratsaldek zazpi eta erdietatik aurrera Indautxuko Karmengo Ama parrokiako areto nagusian izango diran berbaldietatik lehenengoa. Aste honetan, beraz, Bilboko Elizbarrutiak azken hilabeteetan, “Pobreziaren hondamena, gaurko ekimena. Pobreza cero, hoy es posible” goiburupean garatu izan dauan kanpaina amaitutzat joko da. Aipatutako kanpaina horretan, Milurtekoko helburuak ezagutzera emoteaz gain, giza eta kristau ikuskeratik erronka horreei buruzko gogoetea bultzatu nahi izan da.

     Batutako guztien ikusminaz, Jaime Asenjo ETPIko kideak hizlaria aurkeztu eban. “Milurtekoko helburuak” izenburupean, XXI. mendean pobreziak erakusten dituan arazoak aztertu ebazan. Pobreziaren ingurukoa da, hain zuzen ere, munduko 189 buruzagik 2000. urtean sinatu zan Milurtekoko Adierazpena deitutakoan deuseztatzera konprometitu ziran helburuetatik lehenengoa. Adierazpen hori onartu ebenetik bost urte igaro diran honetan, egoerea, giza garapenerako Nazio Batuen azken txostenaren arabera, ez da batere pozgarria, Afrika edo Hego Amerika lako herrialdeetan giza garapenaren oinarrizko adierazleak jaitsi egin diralako eta aberatsen eta txiroen arteko aldeak haunditu.
     Duboisen arabera, eskakizunaren mugak beheratu egin dirala da arazoa eta zera gogoratu eban: munduko hamabost herrialderik aberatsenek 1996an ezarri ebezala euren helburuak lankidetzari buruz, hau da, Adierazpena baino lau urte lehenago ezarri ebezan eta, jakina, herrialde txiroen partehartze barik. Ahultzea aitatu eban ez betetearen sustraietako bat lez, borrokarako estrategia funtzionaltasunetik egiten dalako batez ere, ez bidegabekeria bera kontuan hartzen dauan estrategiatik. Horregatik, dei egin eban, “ikara eta hasarrerako gaitasuna berreskuratzera, errealitatera barriren barri hurreratzeko eta errealitate horren aurrean, erantzunak emoteko eta jarrerak hartzeko. Eta horretarako, giltza bi dagoz: lehenengoa, arazoa ez dala prestasuna, eskuragarritasuna baino, pertsonak gosez hilten badira, ez dalako jakirik ez dagoalako, jakiak egonda, eskuratzerik ez dabelako baino; bigarrena, pobrezia kontzeptuaren azterketea desbardin egin dala herrialde garatuetan eta garapen bidean dagozanetan”.
     Pobreziaren kontzeptuan sakondu nahi izan eban, hain zuzen ere, Duboisek, barriro, baina oraingo honetan danon artean, definitu behar dala esanez. “Herrialde aberatsek definitu izan dabelako beti. Gizarteak bere ahalmenetatik definitzen dau pobrezia zer dan, baina baita garrantzizkotzat dituan baloreetatik ere. Beraz, gizarteak bere buruari jarten deutsozan balio eta eskakizunetik zehazten da pobreziaren kontzeptua eta, horregaitik, pobreziaren gaiari heltzeak kutsu politiko garrantzitsua dau. Pobreziak gizakiaren emozinoa behar dau. Pobrezia egotearen bidegabekeria sentitu egin behar dogu, bai, baina baita azterketa kritikoa egin ere, errealitate horri zelan aurre egin pentsatu, garapena izenburupean herrialde jakin batzuen interesei erantzuten deutseen proposamen bidegabeak aurkezten diralako”.
     Milurtekoko Helburuak lortzea galarazoten dauan ahultze honi aurre egiteko, Duboisek eskakizun etikoa izateko eskatu eban eta birbanaketea mende honetako erronka nagusi bihurtzea, helburu zuzen barik ez dalako txirotasuna gitxituko. Hori dala-ta, helburuak barriro definitu beharko gendukez gizon eta emakumeen ongizaterako ezinbestekoak diran baldintzen planteamendu unibertsaletik. “Danok jadesteko moduko ongizateaz hitz egin behar dogu. Edozein gizon edo emakumek munduko edozein lekutan bere bizitzarako egitasmoa martxan jarteko aukerea izan dagiala. Horrela, XXI. mendeko itaunik garrantzitsuena ez da pertsonei etxebizitzea edo jakiak zelan eskaini izango, zertarako nahi dogu jentea? Baino. Alperrik izango dalako baliabideak eskeintzea, aurretik zer izan gura daben zehazteko prozesuan parte hartzeko aukerarik emon ez badeutsegu”.
Gaur izango da bigarren berbaldia “Pobrezia eta Demokrazia” gaiari buruz berba egingo dauan Dolors Oller irakasle katalanaren eskutik.