Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko II. Aitamena Jose Angel Ubieta, Begoña Andonegi eta Martzel Andrinuarentzat

created by Datorren apirilaren 13an ospatuko da Gizakundea eleizan |
|   Komunikazinoa

Datorren apirilaren 13an, ‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko II. Aitamenak banatuko dira Bilboko Gizakundea eleizan. Honeek dira ekitaldi honetako hiru sarituak: Jose Angel Ubieta eleizbarrutiko abadea, Eleizbarrutian egindako kultura sustapenaren arloan; Begoña Andonegi, hezkuntza eta fedearen arloan eta Martzel Andrinua fraile pasiotarra, fedearen eta euskal kulturaren alde egindako lanagaitik.

Eleizbarrutiko kultura erakundeen mahaiak bultzatuta banatu zan aitamen hau lehenengo aldiz 2015ean, persona edo erakundeek eleizbarrutiko kultura eta ondarearen alde eskainitako pastoral zerbitzua eta egindako lan guztia eskertzeko eta autortzeko. Lehenengo ekitaldian, Benito Ansola abadeak, Felix Garcia Olano kazetariak eta Gurutzi Arregi etnografoak jaso eben autormena.

‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko II. Aitamenak banatzeko ekitaldia, beraz, Gizakundea eleizan ospatuko da, apirilaren 13an,19:30etatik aurrera eta bertan Eleizbarrutiko Gotzainak ‘Pro Ecllesia et Pontifice’ aita santuaren domina emongo deutse sarituei. Domina hori, Vatikanoak “abade eta laikoen aldetik Eleizari erakutsitako leialtasunagaitik eta eleiz alkarteari eskainitako zerbitzuagaitik” emoten dauan saria da.

Hezkuntza eta fedea

Begoña Andonegi Cuñado laikoak (Mundaka, 1946) ‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko Aitamena jasoko dau, Bizkaiko Eleizan hezkuntzaren eta pastoralgintzaren arloan erakutsitako konpromiso eta eskaintzagaitik. Mundakako parrokiako erreferentea 2011tik, hezkuntzan eta pastoralgintzan emon dau bizitza osoa. Begoñazpi eleizbarrutiko ikastolako irakasle eta zuzendari izan zan eta Busturialdeko umeen katekesiko taldeko kidea izan zan urte askotan.

Fedea eta euskal kultura

Aita Martzel Andrinua Lariz fraile pasiotarrak (Bolibar, 1930) ‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko Aitamena jasoko dau, pastoralgintzaren eta fede eta euskal kulturaren aldeko zerbitzuan egindako ekarpen baliotsuagaitik. Lurraldeko gotzain bikarioa izan zan eta bere bizitza osoa euskerari eta euskal kulturari eskainita emon dau. Bertsolarien txapelketako epaimahaiko kide izan zan urte askotan eta lagungarri pastoral lez edo ospakizunetan erabilten diran bertsoen liburu bat baino gehiago argitaratu dau. 1997tik aurrera, ‘Bizian gora’ eleizbarrutiko nagusien mobimentuko kontsiliarioa da.

Kultura sustapena Eleizbarrutian

Jose Angel Ubieta Lopez eleizbarrutiko abadeak (Bilbao, 1926) ‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko Aitamena jasoko dau, Bilboko Eleizbarrutian urte luzez eskainitako zerbitzuagaitik, ikerketa biblikoari egindako ekarpenagaitik eta kultura erakundeen aldeko pastoral jardueragaitik. Bikario Nagusi izan zan On Jose Maria Cirarda Administratzaile Apostoliko zala eta on Antonio Añoveros eta on Luis Maria Larrearen apezpikualdietan. Sasoi horretan sortu ziran gaur egun Eleizbarrutian dagozan kultura erakunde gehienak. Ikasketa biblikoak egin ebazan Erroman eta Jerusalemen eta ‘Biblia de Jerusalén’ espainiar edizinoa zuzendu eban.

Hiru sarituak