Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Caritaseko opil solidarioak 15 urte bete dauz

created by Zapatu honetan egingo da jarduerea |
|   Komunikazinoa

Hamabostgarrenez egingo da Bizkaiko Caritasen proiektuen aldeko ekimen solidarioa. Zapatu honetan, Plaza Barrian Errege Opil Solidarioaren banaketa ekitaldia hamabietan hasiko da. Ordu horretan euro baten truke opil zati bat eta txokolate beroa jan ahal izango dira. Horren trukera, babesgabean eta familiaren laguntza lortzeko aukera gitxigaz dagozan ume eta gazteen aldeko Caritaseko proiektuei laguntzea emoten deutsie parte hartzaileek. Ana Sofi Telletxeak, Analisi eta Garapen sailekoak, proiektu honeek zertan oinarritzen diran azaldu eban Bizkaia Irratian Elizbarrutiko emisoran.

Gazteak hartuko dira kontuan aurton lehenengoz ekimenean ezta?

Bizkaian hogei talde dagoz haurrakaz eta gaztetxoakaz lan egiten. Batez be eskola laguntzetan eta denpora librean egoten gara eurekaz. Umeak hazten doazen heinean, batzuk apurtuta daukiez harremanak familiakaz eta emantzipazino prozesuak hasi behar dabez behin 18 urte beteta. Aldundiagaz daukagun hitzarmenari esker aurrera daroaguz eurei laguntzeko programak. Babes hori luzatzeko programak garrantzitsuak dira bizimodua euren kabuz aurrera eroan daien. Gaur egun 40 gazte daukaguz martxan jarritako prozesu horretan. Ilusionatuta gagoz igaz hasitako proiektu honegaz.

Haurren arloan zelako datuak erabilten dozuez?

Caritas Bizkaian seme-alabak daukiezan 5.533 familiari emon deutsegue arreta. Horreetatik ia erdia, 2.575, guraso bakarreko familiak dira (% 47), batez be ama eta seme-alaba adingabeez osatuak. Guretzako oso garrantzitsua da familia horreei laguntzea emotea. Ama bakarrak diran familien kopurua urtero gorantza doa, ez da nabarmena gorakadea baina igarten da. Errealidade hau oso presente dago arlo guztietan, ez bakarrik Caritasen. Ganera, familia pobreetan hazitako umeak aukera gehiago daukiez hurrengo belaunaldietan be holan jarraitzeko, beraz, garrantzitsua da ziklo hori apurtzea.

Datorren zapaturako gonbidapena luzatuta dago eta Caritas beso zabalik egongo da Plaza Barrira doazenen zain.

 

 

Carlos Bargos eta Ana Sofi Telletxea, Bilboko Caritasekoak prentsaurrea hasi orduko