Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bizkaiko `mendi meza´ baten ganeko laburmetraiaren estreinaldia Arratian

created by `Gorbea 2020 San Inazio´, abuztuaren 14an estreinauko da Igorren |
|   Komunikazinoa

Arratiako webgunetik aditzera emon dabenez, edizinoaren azken xehetasunen faltan, dagoeneko amaituta dago 9 minutuko iraupena dauen "Gorbeia 2020 San Inazio" film laburra. Bertan, Gorbeia mendiaren magalean urtero ospatzen dan San Inazioren ospakizuna jasoten da, Igiriñaoko zelaietan. Iker Barrutieta errealizatzailearen lanaren aurkezpena Igorren egingo da abuztuaren 14an.

Uztailaren 31n egin eban grabazinoa Iker Barrutietak, Loiolako San Inazioren egunean, Bizkaian irauten daben mendi meza banakarrenetarikoan irudiak jasoz. "Grabazinoekin eta zuzeneko alkarrizketekin batera, argazki historiko ugari bildu ditugu", dino Arratian sustraiak dituen Durangoko errealizadore gazteak. "Film labur hau, une musikal askorekin, Gorbeiari, artzainei eta mendizaleei egindako omenaldi apala da. Elurretako Ama Birjinari egindako bi ermiten historia eta sekretuak islatzen ditu, Arratiako artzain eta mendizaleen gaurkotasun ukituarekin, koronabirusaren murrizketak gorabehera, ez dabelako tradizio hori ahazten izten. Orain publiko zabal batek txoko hau pixka bat gehiago ezagutzeko aukera izango dau. Ni askotan pasatu naz handik, eta xehetasun asko ezezagunak nituen ".

"Gorbeia 2020 San Inazio" film laburraren edizinoak lan ordu ugari ekarri ditu, grabazinoak berak baino askoz gehiago. Iraupena murriztean xehetasun asko geratu dira artxiboetan, baina helburua gehiago da dibulgazino lan bat lortzea, adituentzako dokumental bat baino".

Estreinaldi bikoitza

Film laburrak estreinaldi bikoitza izango dau. Igorren, abuztuaren 14an, barikua, 19: 30ean Andra Mari parrokian, bezperako mezaren ondoren. Zeanurin, abuztuaren 14an, barikuan bertan, 20: 15ean Andra Mari parrokian, Salbearen ondoren. Bi kasuetan aforoa eta segurtasun-neurri guztiak errespetatuz. Arratiako Elizak ekoitzi dau "Gorbeia 2020 San Inazio" film laburra, hogei bat pertsonaren laguntzarekin eta laguntzaile legez: Zeanuriko Udala, Gorbeialde Landa Garapenerako Elkartea eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Grabazinoaren une bat