Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bizkaiko eskaut taldeek formatu mistoan ospatuko dabe bihar ohiko batzar nagusia

|   Komunikazinoa

Hamazortzi eta hogeta bost urte bitarteko Bizkaiko 150 gazte inguru batuko da bihar –domeka-, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak ospatuko dauan batzarrean. Arduradunek azaltzen dabenez, “Covid-19aren eraginez bizi dogun unea berezia bada be, Bizkaiko eskaut taldeek jarduerak egiten jarraitu dabe konfinamentuan be”.

Aitatutako egoera berezia dala-eta, taldeetako koordinatzaileak eta ordezkaritzako taldea batzartuko dira eta arduradunen %80 inguruk streaming bidez jarraituko dau ekitaldia. Antolatzaileen esanetan, “neurri guzti honen helburua, leku berean jente asko ez pilatzea da, kutsatzeko aukerak gitxitzea eta osasun neurriak zuzen eta zorrotz betetea”.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia mobimentuak 2.000 ume eta gazte inguru eta 300 arduradun batzen ditu. Gainera, Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako taldeak barne hartzen dituan Euskalerriko Eskautak federazinoaren barruan dago. Berrogeta hamar urtetik gora daroaz gazteen mobimentu honek mundu osoan jardunez. Aisialdia lantzen dabe pertsona osoak, eraldatzaileak, bizia, askatasun eta bardintasunaren aldekoak hezteko. Pertsonen eraldaketan sinisten dabe eta horren alde borrokatzen.