Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bizkaiko Eleizaren kurtso hasierako ekitaldia zuenean on-line

created by Web orrialde honetatik: www.bizkeliza.org |
|   Komunikazinoa

Azken urteotan ohikoa danez, Bizkaiko hainbat herritatik etorriko jentea batuko da Bilboko Eleizbarrutiak kurtsoari hasiera emoteko egingo dauan ekitaldian. Osasun krisialdiak eragindako egoera dala-eta, segurtasun-neurriak betez egingo da ‘Goazen 2020’ jarduera La Casilla pabiloian, besteak beste, jente-kopuru mugatuagaz, hain zuzen be 250 partaidegaz. Bertaratutako guztiek aldez aurretik egin behar izan dabe izen-emotea, nortasun-agiria erakutsi beharko dabe sarreran eta harmailetan jarriko dira lagun arteko nahitaezko tartea betez. On Mario Izeta gotzaina eta On Joseba Segura gotzain laguntzailea izango dira ekitaldian eta eleiz esperientzia eta ibilbide esanguratsua daben lagun bik esku-hartuko dabe. Hezkuntza beharrizan bereziak dabezan (SAT) Otxarkoaga ikastegiko gazteek osatzen daben ‘Percussion Confussion’ taldeak girotuko dau baterako topaketa hau. Ekitaldia zuzenean emongo da web orrialde honetan.

Soziologoa dan Jose Maria Rodriguez Olaizola jesuitak eta Ekintza Katoliko Orokorra mobimentuko presidentea dan Eva Fernandez erizainak jardungo dabe kurtso hasierako jardunaldian Eleizak zalantzaz betetako une korapilatsu honetan aurrez aurre dituan erronken inguruan.

Bizkaiko hainbat parrokia, Pastoral Barruti eta erakunde katolikotan, bide telematikotik jarraituko dabe kurtso hasierako ekitaldia, zuzenean parte hartuko dabenen kopurua beste urte batzuetan baino txikiagoa izango da-eta. Eta zuzeneko topaketarako izena emoterik izan ez dabenek be izango dabe hizlariei galderak watshappez bialtzeko aukera horretarako beren-beregi jarriko dan eta eguaztenean bertan, jardunaldiari hasiera emon ondoren jakinaraziko dan telefonoaren bitartez.

SAT Otxarkoaga

Hezkuntza beharrizan bereziak dabezan ikasleez osatutako perkusio-taldeak bi bider jardungo dau on-line irailaren 23ko ekitaldian, Anton Calleja eta Edu Gonzalez irakasleek lagunduta. Otxarkoaga ikastegian garatzen daben SAT egitarauan ezintasunen bati lotutako hezkuntza beharrizan bereziak dabezan 16 eta 21 urte bitarteko ikasleek parte hartzen dabe. Egitarau hezitzailea da funtsean eta gizarteratze-laneratzea da helburu nagusia eta horregaz batera “ahalik eta mailarik altuena lortu autonomia eta garapen pertsonalean”, ikastegiko arduradunek azaldu dabenez. Egitarau honetan ari diran ikasleen %57ak lan babestuan jadesten dau lanpostua. Gainerako %39ak heziketagaz jarraitzen dau Otxarkoaga ikastegian edo beste ikastetxeren batean.