Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bisita San Anton eleizara Ondarearen Europar Jardunaldietan

|   Komunikazinoa

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituan Ondarearen Europar Jardunaldiak urrian ospatzen dira. Gaur, urriak 7, aurtengo ekitaldirako prestatu daben egitarau zabalaren barruan, Bilboko arkitektura klasizista bisitatzeko aukera emoten dabe, zehatz-mehatz, San Anton eleizara bisitaldia egitekoa. Ibilbide gidatu hau arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara egingo da. Beste aukera batzuetan lez, eleizbarrutiko hainbat erakundek parte hartzen dihardu jardunaldietan, esate baterako, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboak (AHEB-BEHA) eta Labayru Fundazinoak. Aurtengo gaia hezkuntza da eta, horregaitik, eleizbarrutiko hainbat ikastetxek eta kongregazino erlijiosok bat egin dabe jarduera honegaz.

Aurton, Bizkaiak Ondarearen Europar Jardunaldien 20. urteurrena ospatzen dau. Europako Batzordeak, Batasun Europarragaz batera, egitarau hau sustatzen dau kultura ondarearen inguruan sentsiberatasuna bizteko herritarren artean. Europan ibilbide luzea dau ekimen honek eta arrakasta handia izan dauala esan daiteke, gaur egun 50 estatuk parte hartzen dabelako.

Bizkaian, Foru Aldundiak koordinatzen ditu jardunaldiak eta 70 udalerri eta 100 erakunde eta alkarte kulturalek esku-hartzen dau. Ondarearen inguruko jardunaldien ekitaldi hau hezkuntzaren haritik garatuko da.

Markinako Berakruz eta Sopuertako San Viator

Datorren zapatuz, urriak 10, bisita gidatuak egingo dira Eleizbarrutiko ikastetxeen sareko kide diran Berakruz Markina-Xemeingo ikastetxe historikoan eta Sopuertako San Viator ikastolan. Lehenengoan, 11:00etatik 13:00era egingo da ikustaldia eta bigarrenean, ‘hezkuntza Sopuertako kultura ondarean’ goiburuaren haritik, 10:00etatik 13:00era, eta kasu honetan argazki-erakusketa izango da ikusgai, lekukotasunak eskainiko dira eta dastatzea be egingo da.

Jardunaldiak urriaren amaierara arte ospatuko dira.