Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bilbon ospatzen dihardue Karitateko Andra Mariaren Batasunaren Munduko Batzar Nagusia

|   Komunikazinoa

Afrika, Amerika eta Europako 25 moja batu dira Bilbon urteko Batzar Nagusia ospatzeko. Ángela Fahik zuzentzen dauan eta Afrika, Amerika eta Europako kontseilariz osatutako Karitateko Andra Mariaren Batasuneko mojen talde nagusia Bilbon dago egunotan urteko batzarra ospatzen, besteak beste, euren ardura nagusiez jarduteko: bokazinorik eza, batez ere Europan; moja edadetuak izatea kongregazinoan eta, M. Carmen Ochoa Espainiako probintzialaren esanetan, “aurkezten jakuzan errealitate barriak bizitzeko gauza garan eta zelan gauzatu daikeguzan eta ez fikzinoan itzi, geure bizitzan eta besteenean, alkartasuna eta errukia”.

     Datorren urtean euren Kapitulu Nagusia ospatuko dabe Estatu Batuetan eta orduan sei urtez behin egiten daben karguen barritzea burutuko dabe. Bokazino faltagatiko ardurea Bilbon ere sentitzen da, Arantza Trevilla Ama Nagusiak esandakoaren arabera, 1987. urte inguruan sartu ziralako azken mojak.
     Hilaren 31n amaituko dan kongresu honetan moja honeek jarduten daben lekuetako ordezkariak batu dira: Kanada, Mexiko, EEBB, Irlanda, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Uganda, Kenya, Boli Kosta eta Espainiakoak. Urtez urte, herrialde desbardinean batzen dira, errealitate desbardinak ezagutzeko eta, gaur, hain zuzen ere, Ricardo Blázquez eurekin izan da Eukaristian.
     Sortu zanetik, emakumezkorik kaltetuenei laguntzea da ordena honen funtsezko ardurea. Bilbon, Zabalbiden dagoan “Aterpetxea” alkartean 26 moja dagoz eta, talde profesional zabalaren laguntzagaz, berrogeita hamar ume, gazte eta emakumezko ingururi eskeintzen deutsoe arretea eta larrialdietarako zerbitzua ere badabe, tratu txarrak jasaten dabezan emakumezkoentzat. Zailtasunak dabezan emakumezkoei harrerea egitea eta laguntzea helburutzat hartuta, Kongregazinoak, tratu txarrak jasaten dabezan emakumezkoengana hurreratzeaz gain, larrialdietarako zerbitzuetan edozein egoeratan dagozan emakumeak hartzen ditu eta kondena beste bide alternatibo batzuetatik beteten daben emakumeen egoerak ere bereganatu ditu.
     Gure Elizbarrutian 150 urte beteko dabez laster (1857tik dagoz hemen). Mariano José de Ibargüengoitia (gaur beatifikazino prozesuan)Tolosara joan zan sasoi horretan ordena ezagutzera eta berak bultzatu eban gure Elizbarrutian bere ezarpena. Tolosan egozan mojetako batzuk Bilbora etorri ziran “Aterpetxera” eta harrezkero hemen jarduten dabe. Badaroez 30 urte gaur egun dagozan eraikinean. Hitzarmena dabe Foru Aldundiagaz eta honek dirulaguntza emoten deutse gastu batzuetarako. Dana dala, zentroaren gestinoa mojen esku dago eta moja edadetuek (gazteenak 77 urte ditu) aurrera daroen garbitegi zerbitzuaren bidez (garbitegia dabe erlijiosoentzat, ostatuetarako, e.a…) autofinantzatu egiten dira; horrezaz gain, dohaintza batzuk ere badabez, beste dirulaguntza batzuk edo mojen euren jubilazinoak.
     Caenen (Frantzia) sortu zan 1641.eko azaroaren 25ean Karitateko Andra Mariaren Kongregazinoa. Sasoiko gizarte beharrizanez jabetuta (talde marjinatuak ugalduz iran, herrialdeak jasaten ziharduan krisi ekonomikoaren eraginez), baztartutako emakumezkoei laguntzeko etxea zabaltzea erabagi eban San Jean Eudes izan zan fundatzailea. Hasiera batean, ezelango lotura erlijiosorik ez eben emakumezko boluntarioak arduratzen diran etxeko gorabeherez, baina, aurrerago, San Jean Eudesek mojak jarri ebazan etxearen gobernuan eta Karitateko Andra Mariaren Kongregazinoa sortu eban. Urte hareetan ez egoan honako etxe asko Frantzian, baina baegozan “aterpetxeak”, esate baterako antzerako eginkizunak ebazan Nancyko Aterpetxeko Andra Mariaren Kongregazinoarena (1624.eko urtarrilaren 1ean sortuta).