Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bilboko San Pedro Apostolua ikastetxearen sortzailearen mendeurrena

created by Gotzaina izango da buru barikuz egongo dan ospakizunean |
|   Komunikazinoa

Frantzisko Aita Santuak dei egiten eban, Biziera sagaratuaren urtea zala-eta, “lehenari esker onez begiratu, oraina irrikaz bizi eta etorkizuna itxaropenez besarkatzeko”, eta printzipio hori aintzat hartuta ospatu da Sor Cabriniren heriotzaren mendeurrea (1917-2017) Bilbon. Datorren barikuz, azaroa 17, amaierako ekitaldia ospatuko da, on Mario Izeta gotzaina buru dala Salbatzailea parrokian 17:00etan ospatuko dan eukaristiagaz eta ostean egingo dan Cabrini kultura ekitaldiagaz.

Jesusen Bihotzaren Misiolariak 1900an sortu zan San Pedro Apostolua ikastetxearen –Santa Francisca Javier Cabrinik sortutako irakaskuntza-erakundea- titularrak dira. Mutil eta nesken ikastetxea da, katolikua, itunpekoa eta 0 eta 6 urte bitarteko ikasleak hartzen dituana. Campo Volantin kaleko 36. zenbakian dago eta 100 urtetik gorako ibilpidean aldatuz joan da inguruko era bateko eta besteko egoera eta beharrizanei erantzuna emon ahal izateko.

Historia

1900eko abuztuan, Sor Cabrini Bilbora heldu zan, bere misinoa Espainian zabaltzeko eskatu eutsen Leon XIII.a Aita Santuaren eta on Ramon Fernandez Pierola Gasteizko Gotzainaren beraren eskaera kontuan hartuta.

Bilbon, txalet bat eskaini eutsen Sor Cabriniri, ordaintzeko baldintza onetan. “Etxezarra Campo Volantin dalakoan, itxura noblea eta baliabide urriak ebazana, eta bertan Sor Cabrinik neskato umezurtzei zuzendutako egitasmoa martxan jartea lortu eban”. Grabatuta geratu zan bertan “bere estilo ausart eta sutsua, bere sen ireki eta malgua, bere zerbitzatzeko eten bako nahia, bere konfiantza Jesusen Bihotzagan”, azaltzen dabe ordenako monjek, eta gaur egun be errepikatzen dan izena be grabatuta geratu zan: “Italiarrak”.

Datorren abenduaren 22an beteko dira 100 urte Sor Cabrini hil zanetik eta 2016.eko abenduaren 22an emon jakon hasiera datorren barikuz amaituko dan MENDEURRENEKO URTEARI. Hilebete honeetan hainbat jarduera izan da: Ipuin-kontalariak, otoitzaldiak, marrazki eta abestiak, jolas eta pelikulak, Sor Cabrinik idatzitako gutun originalen irakurketa, solasaldia Madrileko Cabrini ikastetxeko ikasleakaz “Skype” bidez, galdera eta erantzunen lehiaketa (Kahoot), xake eta saskibaloi txapelketak… Eta guzti honi amaiera bikaina emoteko, hezkuntza alkarte osoak esker oneko Eukaristia ospatuko dau.

 

 

Mendeurreneko ekitaldien hasiera