Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bilboko Eleizbarrutiaren 70. urtebetetzea. Zorionak!

|   Komunikazinoa

1950.eko uztailaren 1ean, Espainian Nuntzio Apostoliko zanak Bilboko Eleizbarrutia izendatutzat jo eban. Bederatzi hilebete aurretik, 1949.eko azaroaren 2an, gure eleizbarrutia eta Donostiakoa sortu ziran ‘Quo Commodius’ buldaren bidez. Maiatzean argitaratu zan bulda Bilboko Eleizbarrutiko Aldizkari Nagusian eta bertan jasoten zan guztia gauzatzea eskatzen jakon orduan Espainian Nuntzioa zan Cayetano Cicognani artzapezpikuari. Anabella Barroso Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboko zuzendariak gogoratzen dauanez, gaur 70 urte, besteak beste, zera erabagi zan: “Santiago Apostolua tenplua eleiza katedrale maila eta dignitatera igotzea”.

Gaur hirurogeta hamar urte hasi zan Bilboko Eleizbarrutiaren historia eta urteurren hau ospatzeko hainbat jarduera garatu izan da kurtsoan zehar, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuak zein Eleizbarrutiko Artxiboak sustatuta. Eleizbarrutiko komunikabideeetan be hainbat bider gogoratu izan dabe Eleizbarrutiaren ibilbide hau. Kurtsoaren hasieratik eta urtea amaitu arte, ‘Alkarren Barri – Comunicación’ Bizkaiko Eleizaren jardueren ingurukoak jasoten dituan aldizkariak Eleizbarrutiaren historia errepasatzen dihardu Angel Mari Unzueta bikario nagusi ohiaren eskutik eta Eleizbarrutiko Artxiboaren laguntzarekin. Orain arte, sei kapitulu argitaratu dira, zazpi hamarkada honeetako gertaera garrantzitzuenak ikus-entzunezko bitartekoen bidez jasoz eta agertzera emonez.

‘Quo Commodious' bulda

Hauxe inoan agiriak: “Bilboko Eleizbarruti barriaren mugak Bizkaia probintzia zibilaren eta Villaverde Turtziozenak izango dira eta berrehun eta hamaika parrokia izango ditu; Loiolako San Inazio izendatzen dogu bere Zaindari. Egoitza Bilbo urian izango dau eta bertan Santiago Nagusia Apostoluaren ohorez Jainkoari eskainitako tenplua eleiza katedrale maila eta dignitatera altxatzen dogu (…) Katedrale izendatutako eleiza honeei eta bertako gotzain izan daitezanei lurbira osoan dagokiezan, eta zuzenbidez gainerako katedrale eta artzainei dagokiezan, eskubide, intsignia, mesede eta pribilegioak egozten deutseguz eta, aldi berean, eskubide horreei erantsitako zama eta betebehar guztiak hartzen dabez”.