Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Bilboko Eleizbarrutiak bere ibilbidea dau gizarte konpromisoan”

created by On Joseba Segura gotzainak “Bategitearen kultura” Foroan: |
|   Komunikazinoa

Kristauen agerpen publikoari buruz gogoeta egiteko eremua suspertzeko asmoagaz, Gizarte Pastoraltzarako Espainiako Gotzainen Batzarreko (EGB) Batzordeak bizitza publikoan diharduen kristauak eta beste hautu batzuk egindakoak tartean dirala eztabaida-lekuak antolatzea proposatu dau. Bilboko Eleizbarrutian, Bizkaiko Caritasek, Karidade eta Zuzentasunerako eta Misinoetarako Ordezkaritzek eta Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Insitutuak euren gain hartu dabe eztabaidarako gune hori antolatzeko ardura. ‘Alkargunea’ deitu dabe eta atzo saioa ospatu eben Bilboko Barria eraikineko lokaletan. On Joseba Segura gotzainak aurkezpenean adierazo ebanez, Bilboko Eleizbarrutiak bere ibilbidea dau gizarte konpromisoan eta jentea motibatzen eta prestatzen saiatu da bizitza publikoan jardun eta erantzukizun publikoak hartu daizan. Gotzainaren esanetan, “nire ustez espainiar Eleizako beste leku batzuetan ez da hemen besteko indarraz garatu eta hau bereizgarritzat hartu daikegula pentsatzen dot, eta gaur hemen zagozanetako hainbat hori holan dala esateko moduan zagoze”.

Eleizbarrutian egiten diharduen foro-topaketetan langai baten haritik ari dira: “Bizitza publikoaren berreraketa. Guztion onerako eta partaidetzarako deia”. Agiri hori kontuan hartuta eta taldean batuta, alkarrizketa, gogoeta eta eztabaidan jardutea da xedea. Antolatzaileek azaldu dabenez, “ez da katolikoek bizitza publikoan daben ibilbideari buruzko nortasun-agiria. Jente anitzak osatutako taldean hausnarketa biztu gura da, orokorrean, bizitza publikoan eta, zehatz-mehatz, politikan, ahulenen zoria erabagitzen dala eta gure gizarte bizikidetzarako balioak eratzen dirala sinistuta”. Eztabaida-leku bakotxeko hausnarketak jaso ondoen, Gizarte Asteen Jardunaldietan (Sevilla, 2021.eko azaroak 25-27) aurkeztuko dira.

Esker ona

Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako ordezkariak ekitaldiaren sarrera egin eta gotzainari emon eutsan berbea. Gotzainak esan ebanez, ez zan hara joan partaideak agurtzera bakarrik, “une honetan eztabaidan jarten dan edo gitxi baloratzen dan eremu publikoan erakutsitako ardura eta zerbitzua” eskertzeko baino.

On Joseba Segura gotzainak azaldu ebanez, foro hau Frantziskoren aitasantutza-aldian kokatzen da: “era askotara, Eleizaren zati handi batek, goitik, maila gorenetik, mundu osoan bategitea eta senidetasuna sustatzeko dauan ardura agertzera emoten dihardu-eta. Nire ustez, bategitearen kultura hau aitasantutza-aldi honen ezaugarria da eta hortxe geratuko da historiarako Frantzisko aita santuaren ekimen lez. Hor daukagu, esate baterako, Fratelli tutti entziklika, aita santuak behin eta barriro azpimarratzen diharduan ideia: ezinbestekoa dala bat egitea, alkarrizketan jardutea eta, ahal dan neurrian, hitz egiteaz gainera, proposamenak zehaztea, edo gitxienez, jentea, askotariko aukera eta sentsibilitateetatik, aldaketarako proposamenak egitera bultzatu”.

Bide barriak bilatzea eta bide barri horreetatik mundu honen eraldaketa eragitea be ezinbestekoa dala esan eban: “beharbada, ez dalako une batean amestu zan eraldaketa bezain handia, baina, benetan, eraldaketa zehatza, sentsibilitate desbardinak doguzan pertsonen borondateak batzea dakarren eremutik eragindakoa. Hauxe da, nire ustez, bategitearen kultura”.

Sebastian Mora

On Joseba Segura gotzainaren aurkezpenaren ostean, Sebastian Mora Espainiako Caritaseko idazkari nagusi ohi eta Comillaseko Unibertsitateko irakasleak langaia aurkeztu eban. Bere esanetan, orain arte eztabaida-leku hau Alacanteko, Bartzelonako eta Malagako eleizbarrutietan eratu izan da, “errealidade guztiz desbardinetatik, aniztasunetik presentzia ahalbideratzeko helburu beragaz”. Konbidatuek jardun eben gero, “auzi kritikoak ikuspuntu etikotik eta kristauen eginkizunetik” gaiaren inguruan ikuspuntu eta ekarpenak eginez.

Partaideak

Hainbat eremutako partaideak batu ziran: Iñigo Pombo. Gizarte Gaietarako sailburuorde ohia. EAJ-PNV; Oscar Seco. Gizarte Ongizaterako Zuzendaria. Bizkaiko Foru Aldundia. PSE-EE; Marivi Freire. Barakaldoko Udaleko zinegotzia. Podemos; Ana Sofi Telletxea. Caritas. Azterketa eta Garapenerako arduraduna; Alicia Suso. Caritas. Gizarte hezitzailea. Gazteriaren Euskadiko Batzordeko presidente ohia; Juan Ibarretxe. Gizarte Gaietarako Bilboko Udaleko zinegotzia. EAJ-PNV; Clara Zabalo. Sestaoko zinegotzi ohia. Ezker Batua; Imanol Zubero. UPV-EHU. Senatari ohia. PSE-EE; María Silvestre. ‘Deustobarometroko’ zuzendaria. DU. Emakundeko zuzendari ohia; Carlos David Garcia Fernandez. Bilboko Udaleko zinegotzia. PP; Tasio Erkizia, euskal legebiltzarkide ohia. HB; Pedro Luis Arias. UPV-EHU. Unibertsitateetarako sailburuorde ohia; Carlos Askuntze. REAS Euskadiko koordinatzailea; Juan Manuel Sinde. Arizmediarrieta Kristau Fundazinoko presidentea; Iñaki Garcinuño. Enpresaria. CEBEKeko presidente ohia; Maite Valdivieso. Langile Pastoraltzarako arduraduna; Jose Antonio Gonzalez. CCOO. Itunpeko hezkuntzarako arduraduna; Mari Mar Gonzalez, HOACeko presidentea. Osasun Pastoraltza, Santa Marina; Iosu Murgia. Arteako zinegotzia. Aldatuz. Bizkaiko batzrkide ohia. Aralar; José M. Calvo, Sareak. Eleizako GKEen koordinadora; Feli Martin. Eleizbarrutietako Misinoetarako ordezkaria; Carlos Bargos. Caritaseko zuzendaria; Manu Moreno. Karidade eta Zuzentasunerako ordezkaria eta Carlos García de Andoin. ETPIko zuzendaria.

Atzo, Barrian egin zan foroa