Museo biok sinatu daben hitzarmenak lankidetza esturako oinarriak jarten ditu, helburu nagusi bategaz: Bizkaiko arte-ondarea hobeto ezagutu eta agertzera emon, datozan bost urteetan garatuko dan eta jentearentzat erakargarriak diran jarduerak aurkeztuko dituan egitarauaren bidez. Jardunbideek museoen inguruko hainbat diziplinatan jarriko dabe arreta: arte-ondarea zaindu eta ikertu, aldi baterako erakusketak eta kultura bitartekotza.
Museo bien eskutik garatuko dan egitarau zabal eta anitzaren bidez, bakotxaren bildumen eta, hedaduraz, lurraldearen garapen historikoko gertaera gogoangarrien, ezagutza zientifikoa era esanguratsuan aberastu gura da. Horri begira, erakundeen arteko lankidetza sustatuz, arte historikoa lantzen daben Bilboko Museo honeek batera garatzeko moduko egitasmo eta jarduerak zehazteko eta, honeek garatze aldera, beste museo eta erakunde batzukaz ezinbesteko hitzarmenak egiteko konpromisoa hartu dabe. Eleiz Museoak, bere aldetik, egoitzan jasotako bildumez gainera, Eleizbarrutiak Bizkaia osoan hedatuta daukazan ondasun higigarriak eskainiko ditu egitasmoaren garapenerako.
Egitasmo honek Bilboko eta Bizkaiko historiaren inguruko ikerlana egingo dau hainbat ikuspuntutatik, lurraldeak aro modernotik gaur egun arte izan dauan hazkundea hobeto ulertzeko aukera emonez. Alde batetik, XVI. eta XVII. gizaldietan, Bizkaiko portuen eta Herbehereakeko portuen arteko merkataritza harreman estuaren eraginez, Flandesekiko truke artistiko aberasgarria aztertuko da.
Bigarren ikerlan batek, Bilbok eta Bizkaiak XVIII. gizaldian izan ebezan aldaketa handiak aztertuko ditu, Luis Paret margolariaren zuzeneko lekukotasunaz baliatuz. Museo biok, gainera, XIX. gizalditik aurrera eta XX. gizaldian, modernitate eta abangoardiaren artean, arte erlijiosoak izan eban garapena landuko dabe.
Luis Pareten baterako erakusketa
Eta hitzarmen honen lehenengo emaitza datorren udan gauzatuko da. Hain zuzen be, Luis Paret eta Alcazar (Madril, 1746-1799) margolariari eskainitako erakusketa artikulatua aurkeztuko da museo bietan BBKren laguntzari esker. Paret ez zan luzaro egon Bilbon -1799 eta gitxienez 1787 artean-, baina bere lanak ondo erakusten dau Euskalerriaren Adiskideen Alkartea lako erakundeen mentalitate ilustratu barriak bultzatu eban modernitatea.
Pareten margo eta diseinuen haritik Bilbao ilustratuan ibilbidea egiteko aukera izango da, Deustuko Ibaiertzetik Atxuriraino. Egitasmo honetan, Pareti eta XVIII. gizaldiko arteari buruzko atal bi aurkeztuko dira erakusketa berean. Alde batetik, Arte Ederren Museoan gai profanoak lantzen dabezan artelanak aurkeztuko dira, hau da, Bilbao uriaren ikuspegi ezagunak eta uriko eraikin eta eraikuntza bereziei lotutako apainketa eta arkitekturazko egitasmoak. Bestetik, Eleiz Museoak gai erlijiosoak lantzen dituan artelanak jarriko ditu ikusgai.
Museo bietan ikusgai egongo dan erakusketa honezaz gainera, ibilbidea ezarriko da urian, Pareten lanetan irudikatutako leku garrantzitsuenak lotuz. Artista honen margolan batzuei esker, ibiltariek Olabeaga eta Areatzako ikuspegiak seguruenik margotu ebazan lekutik gertuen dagoan eremuan kookatuko dabez. Era berean, panel informatiboen bidez, Paretek Alde Zaharraren inguruan margotu ebazan iturriak edo Santiago basilikari lotutako lanak ezagutuko dabez. Ibilbide hau bakarka egin daiteke, plano moduan erabilteko moduko gidaliburu labur batez baliatuz edo bisita gidatuen bidez.
Azkenik, lankidetza-hitzarmenean jasoten danez, Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Eleiz Museoaren Adiskideek hainbat abantaila izango dabe, besteak beste, museo honeetan doan sartzea.