Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bihar, “migratzaileen karabana” izango dabe gogoan Meza latinoamerikarrean

|   Komunikazinoa

Meza latinoamerikarraren 10. urteurrena dala-eta, kurso honetan, herrialde desbardinetako taldeak konbidatzen dihardue, euren inguruko errealidadeen alde otoitz egiteko. Joan dan hilean, Joseba Segura bikario nagusia buru zala, Salvadorreko alkarteak izan eban protagonismoa. Bihar, ostera, Honduras eta Mexikoko lagunak izango dira konbidatu bereziak eta gogoan izango dabe azkenaldian hainbeste aitatzen ari dan “migratzaileen karabana”.

Johnny Vargas eleizbarrutiko abade eta Meza latinoamerikarraren arduradunak azaldu dauanez, Honduraseko eta Mexikoko hainbat lagun arduratu dia euren errealidadea biharko Eukaristiara eroateko. Vargasen esanetan, “gaur egun gure Eleizbarrutian ikasketak egiten ari dan abade mexikarra izango da gure artean”. Ospakizuna, hilaren azken domeka guztietan lez, bihar izango da San Luis Beltran parrokian, arratsaldeko bostak eta erdietan.

San Cristobal de las Casaseko Eleizbarrutia

Mexikoko San Cristobal de las Casaseko Eleizbarrutiak agiria idatzi dau Hondurasetik Estatu Batuetarako bidea hartu daben 2.000 migratzaile inguruk osatutako karabanako kideei alkartasuna adierazoz eta, besteak beste, idazki horretaz baliatu da Bilboko alkarte latinoamerikarra biharko ospakizuna prestatzeko. Mexikoko Elizbarruti horrek “bat egiten dau eurakaz, Kristo oinazetsuaren aurpegi diran persona horreekaz”. Oharrean gogoan dabez, “pobretasuna, segurtasunik eza, langabezia eta ustelkeria lako arazo larriek eragindako krisi larria jasaten diharduen hondurastar anai-arrebak”. Eta Frantzisko Aita Santuagaz esandakoaren haritik, euren auzia geure egiteko dei egiten dabe: “babestu eta defendatu egin behar doguz euren oinarrizko eskubideak eta duintasuna, batez be giza salerosketaren biktima diranen eta gatazken, hondamendi naturalen eta jazarpenaren eraginez euren herria iztera behartuta dagozanen eskubide eta duintasunak”.

Mexiko eta Honduraseko lagunak domekako meza prestatzen