Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bihar hasten da “Komentuen azoka” Eleiz Museoan

|   Komunikazinoa

Hirugarren urtez ospatzen da, beste bietan primerako harrerea izan dauan eta aurten 32 komentu (iaz baino 6 gehiago), euron artean frantses bat eta portugaldar bat, batuko dituan gertakizun hau.

Ondare kontzeptua monumentu eta artelanetara murriztea erizpide estuegia da. Beste Ondare mota batzuk beharbada ez dira hain ikusgarriak baina bai garrantzitsuak eta, kasu batzuetan, gertukoagoak doguz gure bizitzan. Erromeriek, euren musika eta dantzekin, aiton-amonek kontatzen euskuezan ipuinek, sukaldaritza-errezetek… monumentu hareek besteko balioa dabe gure iragana ulertzeko eta, bide batez, oraina ulertzeko.

Baina, egia esan, askoz errezagoa da ondare material, ikusgarri eta ukigarri hori, hau da, artelanak batu eta jenteari erakustea. Horixe da koadroz eta eskulturez beteta doguzan museo gehienekin gertatzen dana.

Baina, aukera honetan, Bizkaiko Eleiz Museoak harago joan nahi izan dau eta normalean museoetan –eta inon- ikusten ez dan Ondare inmaterial horren zati txiki bat jaso nahi izan dau. Horretarako, gai bat aukeratu dau: komentu eta monasterioetan egindako produktuak. Famatuenak diran gozogintzako produktuekin batera, ardaoa, gaztak, eskulanak, sendabide tradizionalak, musikea… aurkeztu et asalduko dira. Bizimodu sosegatuagoen, izadiagazko hartuemon zuzenean bizi izandako bizimoduen, kantitatea ez ezik kalitatea nabarmentzen dauan jardueraren… aztarnak dira. “Komentuen azokan” batzen dira, beraz, produktu honeek, jenteak ikusi –eta erosi- dagizan.

Erakusketa honetan parte hartzen daben komentuak leku eta ordena desbardinetakoak dira.

“Komentuen azoka” hau bihartik domekara arte egongo da zabalik. Sarrerea debalde da eta Museoko erakusketa gelak bisitatu nahi izan ezkero %50 gitxiago ordaindu behar da (hau da, euro 1 kobratuko da), eta goizeko 10,30etatik arratsaldeko 20,00ak arte etenbarik bisitatu daiteke. Hauxe da Eleiz Museoaren helbidea: Gizakunde plaza, 9B, 48006 Bilbao. Tf.a: 94.432.01.25; Faxa: 94.432.02.60.

Imagen de la pasada edición.