Joaquin Perea liburuaren egilearen esanetan, ministerio-senak, batez be laiko ministerio-senak, “kontzilioaren osteko lehenengo aldian” nabarmendu zan eta arreta erakarri eban. Egoera historiko barrian, Eleizak Jesusen mezuaren iragarle lez eban nortasunean berresteko, nortasun hori sendotzeko ahaleginari ekin eutsan. Trantsizio hain erradikalak eragina dau erakundearen teologia eta jardueran eta, ondorioz, eleiz ministerioan. Beranduago, “kontzilioaren osteko bigarren aldian”, jakin-mina itzali egin da, batez be laiko ministerioak ezartzeak dakarzan arazoengaitik: teologia, pastoral, ekonomia arloan eta, batez be, gure Eleizan hain sustraituta dagoan eleiz klerikalismoan. Liburuan garatzen dan ideia nagusia, “laiko ministerio eratua” erabagiz bultzatu beharraren ingurukoa da eta hori serio hartu ezkero, errabarritze sakona gertatuko litzateke Eleizan.
Liburuak pastoral erantzukizunak dabezan laikoak eta, honeen artean, era instituzionalizatuan, hau da, izendapen ofizialagaz jarduten dabenak aitatzen ditu. Errealidade anitza da, laikoek alkarte bizitzan daben parte hartze gero eta ardurakideagoaren isla. Eleiz sare honek, espirituak bultzatuta, kristau alkartearen bizitza eta misinoa sustatzen ditu. Heziketa, ardura eta eleiz autormen desbardinakaz, bateotik jatorken bokazinoa garatzen daben pertsonak dira.