Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bide Neokatekumenalaren 50. urteurrena Euskal Herrian

created by On Joseba Segura gotzaina izango da buru esker oneko Eukaristian, barikuz, Barakaldon |
|   Komunikazinoa

Datorren barikuz, urtarrilak 29, On Joseba Segura Eleizbarrutiko gotzain administratzailea buru izango da Paulen Barakaldoko ikastetxeko kaperan ospatuko dan Eukaristian, Bide Neokatekumenalak Euskal Herrian 50 urte bete dituala ospatzeko. Gaur egun, Bilboko Eleizbarrutian dagoz (25 alkarte, 10 parrokiatan), Donostiako Eleizbarrutian (9 alkarte, 5 parrokiatan) eta Gasteizko Eleizbarrutian (8 alkarte, 4 parrokiatan) eta Redemptoris Mater Eleizbarrutiko Misiolari Seminarioa be badabe, 9 seminarista, 3 hezitzaile eta misinoan dan arreba 1egaz.

Euskal Herrian Biderako idazkari dan Emiliano J. Arkonadak azaltzen dauanez, 1970eko urrian, Kiko Arguello eta Carmen Hernandezek (Bide Neokatekumenala martxan jarri ebenak), Madrilek katekista seglarren taldea bialdu eben katekesiari ekiteko, “400 kilometrotara, orduko errepideetatik; zapatu arratsaldez ataraten ziran Madriletik, ikastorduak amaitu ondoren, autoa hartu eta arratsalde-gauez heltzen ziran Barakaldora katekesiak emoteko. Domeka goizez beste katekesi bat emoten eben. Urritik urtarrilaren amaierara arte, astebururo egiten eben bidaia eta holantxe sortu zan Barakaldok lehenengo alkartea”. Lau hilebetez katekesia jaso ondoren, 1971.eko urtarrilaren 29an, taldeak asteburuko konbibentziari ekin eutsan eta horixe gogoratuko dabe, hain zuzen be, On Joseba Segura buru dala Barakaldon ospatuko daben esker oneko Eukaristian.

1971.eko urtarrilaren 31n, San Juan Boscoren egunez, Karmeneko Ama izeneko lehenengo alkarte neokatekumenala sortu zan Barakaldon, hiru zutabetan oinarrituta: Jainkoaren Hitza: Jainkoaren Hitzaren asteroko ospakizuna; liturgia: Eukaristiaren ospakizuna astero alkarte txikian eta beste hainbat ospakizun liturgia aldi berezietan, eta konbibentzia, hilero konbibentzia-etxe batean batzen dira. Arkonadaren esanetan, “gaur, Bizkaian, 620 lagun inguruk parte hartzen dau, 12 urtera arte Eukaristiaren ospakizunetan eta hileroko konbibentzietan parte hartzen daben mutiko eta neskatoak be ugari diralarik. Adin horretatik aurrera, helduen katekesia jasoten dabe eta alkartek kide bihurtzen dira. Sendotzaren sakramentua hartzeko eta hamar lagunez osatutako taldeetan parte hartzeko aukera emoten jake, barikuz, aita-amabitxien (senar-emazte gazteak), ardurapean”.

Madrilen hasi ziran

Lehenengo alkartea Madrileko Palomeraseko barraketan eratu zan eta “orduan Madrileko artzapezpiku zan On Casimiro Morcillok harrera egin eutsan eta adore emon eutsen Bidearen sustatzaileei eskatzen eben parrokia guztietara eoran eieen. Apurka-apurka, esperientzia Madrileko artxiciozesian, Zamoran eta Espainiako beste hain bat eleizbarrutitan hedatu zan”.

Gaur egun, 134 herrialdetan dago Bide Katekumenala, 21.300 alkarte ditu, 6.270 parrokiatan eta 1.668 familia misinoan, “horreetatik 216 misio ad gentes diralarik bost kontinentetako kristautasunetik aldendutako urietan eta 125 Redemptoris mater elizbarrutietako misiolari seminariogaz”.

Euskal Herriko taldea erromes Erroma eta Asisen eta batzarra Frantzisko Aita Santuagaz Tor Vergatan, 2018an