Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

‘BesteBi’ plataformaren salaketa beste lagun bat kalean hil dala-eta

|   Komunikazinoa

Danok bizilekua izatearen alde dagoan eta etxerik ez daukien personei arreta eskaintzen deutsen hogei erakunde sozial inguruz osatuta dagoan ‘BesteBi’ plataformak ibilaldia egin dau gaur Bilboko kaleetan zehar (Moyuatik Areatzaraino), alde batetik, joan dan astean Barakaldon gertatu zan bizileku bako baten heriotza gaitzesteko eta, bestetik, etxerik ez daukien personei eskaintzen jakezan aterpetxeetan 90 leku itxi egin dirala salatzeko.

‘BesteBi’ plataformatik azaltzen dabenez, 2.000 lagun inguruk ez dau etxerik eta horreetatik 300 inguru kalean bizi da. “Urtero, negualdian, lekuak atontzen eta zabaltzen dira etxerik ez daukien personek kale gaua kale gorrian igaro ez daien. Gaur, negurako atondutako 90 leku itxi egingo dirala gogoratu gura dogu. Ez da neguko kontua bakarrik; ibilbide luzea, neketsua eta mingarria da, urteetakoa izan daitekena. Gizon eta emakume honeek, gainerako guztien antzera, beharrizanak dabez urteko egun guztietan”.

Duintasuna eta eskubideak… urteko 365 egunez

Datozan hauteskundeetan kale gorrian bizi diran gizon eta emakumeak kontuan hartu daiezan, ‘BesteBi’ plataformatik hainbat eskaera egiten dabe, esate baterako: gitxieneko zerbitzu duin eta kalidadezkoak bermatu inok ez daian, bere beharrizanetara egokitutako kalidadezko zerbitzurik ez izateagaitik, gaua kalean igaro beharrik izan; Gizarte Zerbitzuen Legearen betete eta garapena eta Euskadin bizilekurik ez izate hori, hedatu ez ezik, sustraitik kentzeko estrategia bultzatu. Etxebizitza jadesteko eskubide subjektiboa gauzatzea eta bermatzea be eskatzen dabe eta plangintza egokia, ekipamentu sozial barriak sortzeko eta administrazinoen arteko eta honeen eta bizilekurik ez daukien personen beharrizanei aurre egiten deutsien erakunde pribatuen arteko koordinazino benetako eta eraginkorra sustatzeko.

Beste alde batetik, aparteko arreta eta sentsibilitatea eskatzen dabe emakumeek bizi daben ahuleziazko egoeraren aurrean eta euroi beren-beregi zuzendutako baliabideak bermatzea. Bitartekoak eskatzen dabez, baita be, bizilekurik ez izate hori eragiten daben arrazoietan ondorio izango daben osoko arreta. Aldarrikapen publikoa be ezinbestekotzat jo dabe, besteak beste, erakunde publikoak indarrean dan arautegia betetera eta dagokien erantzukizuna hartzera eta etxerik ez daukien personen eskubideen gauzatzea bermatzeko bitartekoak jartera bultzatzeko. Izan be, askotan, diskurtsoek gizarte bazterketazko egoerak kriminalizatu egiten dabez, etxerik ez daukien personen guzurrezko irudia emoten dabe. Horregaitik, euren ustez, ezinbestekoa da diskurtso horreek aldatzea eta etxerik ez daukien gizon eta emakumeen duintasunaz eta gizarte eta egoitza bazterketaren eragile eta ondorioez hitz egitea.