Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Berrizko Mesedetakoek A. Margarita altarara goratzeko kausa bultzatuz

|   Komunikazinoa

Bihar, urriak 22, domekea, Margarita Maria Lopez de Maturana Berrizko Mesedetako Misiolarien ordenaren sortzailea Dohatsu autortu ebeneko hamaikagarren urteurrena ospatuko da. Urteurrena eta DOMUND eguna atarian doguzala-eta, aukera ona izan daiteke emakume ausart hau gogoratzeko, berak itzitako ondarea sekula baino biziago dagoanean. Gehiago jakiteko.

Mesedetako monjak ilusinoz beteta dagoz, Dohatsua laster altarara goratua izango dalakoan eta, horregaitik, prozesua bultzatzen dihardue. Margarita Doatsuaren Kausaren postulatzaile nagusia dan sor Flor de Maria Alvarezen esanetan, Domun eguna hurreratzean, Ama Margarita Maturanaren oroitzapena “bizi-bizirik dago gure buruan eta gure bihotzean. Mesedetako bokazinoaren eraginez, bere sasoiko esklabotasunen aurka burrukatu eban, besteak beste, Jesus eta bere Erreinuaren inguruko ezjakintasunak, emakumezkoak ez suspertzeak, ikasketarik ez izateak… eragiten dabezan esklabotasunen aurka”. Gaur, bere Institutua bost kontinenteetan hedatuta dago eta Berrizko Mesedetako Misiolariek pozez eta ausardiaz bizi dabe, mundu osoan, Margarita Mariaren ondarea.

Altarara goratzeko kausari dagokionez, Berrizko Mesedetako Misiolariek Kanonizazino Ekipolentea, hau da, dohatsu autortzeko onartutako mirariaz gainera beste mirari bakoa, emoteko eskatu deutse Frantzisko Aita Santuari, baina holako kanonizazinoek, Frantziskoren aitasantutzan ohikoak badira be, funtsezko oinarria behar izaten dabe: kausa oso zaharra izatea eta Margarita Mariaren kasuan ez da holakorik gertatzen. “Beraz –dino aurrerago Flor Mariak- zain gagoz Jaungoikoak, Margarita Dohatsuaren bitartekaritzaz, miraria emon deigun, prozesuari amaiera emon ahal izateko”.

Dalako prozesu hori suspertzeko, dohatsu autortu ebenean bere bizitza eta egintzari buruzko liburua argitaratu zan, Berrizko Mesedetako monja bik idatzita: Margarita Maturana, el por qué de una transformación. Aurton ingelesera itzuli da eta Pedro Miguel Lametek s.j. idatzi eban La Buena Noticia de Margarita biografia txinerara itzuli eta argitaratu barri dabe. “Guztiagaz be, bere prozesua suspertzeko bidea, Ama Margaritaren bitartekotzan uste osoa dabenei konfiantzaz eta iraunkortasunez otoitz egiteko eskatzea da, holan ezinbesteko miraria lortu eta dohatsua altarara goratua izan daiten. Noizean behin, gure misinoetara joaten naz eta Ama Margaritaren bizitza, karisma eta egintzen ingurukoak azaltzen deutsedaz monjei. Honek adore emoten deutse eta eurak be, pozarren, inguruko guztiei azaltzen deutse. Nire ustez, zalantza barik, honek, Berrizko Mesedetako Misiolarien berotasunak, Ama Margaritaren kausa bizitu egiten dau”.

Benedikto XVI.aren erabagiz, A. Margarita dohatsu autortzeko eleizkizuna lekuko eleiza batean egin zan lehenengoa izan zan