Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Berbak ez dira nahiko. Begiek dinoskue egia”

|   Komunikazinoa

Juana Ruiz lankide boluntario madrildarrak berbaldia eskeini eban atzo Indautxuko Karmengo Ama parrokiako areto nagusian, “Begiratua Palestinari” goiburupean, ‘Esku Elkartuak’ erakundearen berrogeita zazpigarren kanpainaren barruan. “Posible da beste mundu bat. Zeure esku dago” goiburupean ospatuko dan aurtengo ekitaldiak globalizazinoari buruzko trilogia ixten dau. Azken urte bietan, 170 lagun hil dira kontroletan, osasun arretarik ez jasotzeagatik.

Juana Ruiz palestinar bategaz ezkondu zan eta 20 urte daroaz lurralde okupatuetan, Belenetik hurran, bizi izaten. Jerusalengo medikuek sortuako Health Work Committees (Osasunerako Lan Batzordea) GKEaren espainolezko egitasmoen koordinatzaile lez, mezularitzat dau bere burua eta atzokoalegezko jardueren bidez Palestinan bizi dan egoerea kontatzen saiatzen da, ikusten ez dan errealitatea hurbiltzeak dituan zailtasunez jabetuta, handik urrin gagozanok hobeto ulertu dagigun bertan gertatzen dana. “Egunero ikusten dodanaren lekuko izaten saiatzen naz, baina zailagoa da han ikusten dozunean. Nik dei egiten deutsot beti jenteari. Berbak ez dirala nahiko esaten deuset, begiek dinoskuela egia. Hara iritsi, ingurura begiratu eta, beste batzuen antzera, bizitza duina izateko eskubidearen aldeko hainbeste urtetako borroka gaur egungo itxurara zelan heldu dan ulertzea bat da”.
Horregaitik, berbaldiaren hasieran, argi esan eban guk dogun ikuskerea komunikabideek emoten deuskuena dala: gatazkak eta ekintza bortitzak transmititzen deuskuez, baina ez eguneroko bizitza. Berbaldian zehar, jentea zelan bizi dan, ze beharrizan dauan eta bere eguneroko borroka zein dan azaltzen saiatu zan. Palestinar eta israeldarren arteko gatazkaren hastapenak eta XX. mendeko borrokak gogora ekarri ondoren, azken hauteskundeetan Hamas garaile atara danean, nazioartean azaldu diran sentipen eta jarrerekin ez datorrela bat esan eban. “Ikaragarri eta penagarriena zera da: nazioartean erabateko lotsagabekeriaz esaten dala, ekintza jakin batzuk sinatzen edo adosten ez badira ez dala laguntzarik egongo. Nire ustez, hango bizi apurra akabatzea da hori. Benetako egonezina eta ardurea dagoala esan deuste, fondoak ez diralako heltzen; inork ez dau ezer ordaindu gura, dana eskuetatik joango jakela uste dabelako”.
Berak jarduten dauan erakundeak lan garrantzitsua egiten dau osasun arloan lurralde okupatuetan, eta egitasmo honeetako batzuetan laguntzen dau Esku Elkartuak erakundeak. Salatu ebanez, osasun arretea da “zementuzko harresiak” areagotu dauan arrazoetako bat. Harresi horrek gizarte bizitza suntsitu egiten dau mugikortasuna galarazoz: palestinarren bizi-iraupenerako biderik garrantzitsuenetakoa dan nekazaritzako milaka hektarea konfiskatu ditu eta honek eragin zuzena dau, esate baterako osasunean, izan ere, “jente asko hilten da kontroletan, ezin diralako sasoiz iritsi ospitaleetara. Azken bi edo hiru urtetan, 170 lagunetik gora hil da kontrol horreetan, euron artean, erditzeko egozan 40 emakume, dialisia behar eben lagunak, bihotzekoak jota... eta larriena hau da: minbizia dabenek, osatu edo tratamenduren bat jaso gura badabe, herrialdetik atara beharrean dagozala, han ez dagoalako gaixotasun horri aurre egiteko biderik; horregatik, egunero baja asko dago osasunari dagokionez”.
Herritar guztiak etengabeko gatazkan bizi badira ere, emakume palestinarrak arduratzen dau Juana Ruiz, “berak daroalako zama guztia. Gizarte palestinarrean, emakumezkoa ezkutuan dago eta hemen askotan dinoe zapalduta dagoala eta zirrara eragiten deutsen gauza bakarra beloa daroela edo gizonezkoaren atzetik doala da, baina berak egiten dau lan, emakumezko jakintsua eta sendoa da, bere burua ez beste guztiak zaintzen ditu eta horregaitik gure egitarauetan euren osasuna zaintzen ahalegintzen gara, azterketa medikuak egiteko esaten deutsegu...”.
Amaitzeko, dei egin egutson nazioarteko alkarteari, “ez hainbeste gobernuei eta bai jenteari, bakea behar dogula salatu dagigun, ezinbestekoa dauan herriari lagunduz, herri bioi ulermena emonez”.

Juana Ruiz y Mamen Arruti