Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Behartsuek, adi egon eta entzuten badoguz, beti irakasten deuskue”

created by Juan Mari Bautista misiolariaren gutuna Guayaquiletik: |
|   Komunikazinoa

Juan Mari Bautista eleizbarrutiko abadeak hainbat urte daroaz Ekuadorren misiolari lez. Lehenengo aldian, 1995tik, Vincesen egon zan eta gero Mocaches, biak Babahoyo-Los Rioseko eleizbarrutian. Beste hamar urte inguru Bilbon igaro ondoren, Xabierko San Frantzisko parrokian –bertan hilaren azken domekaz ospatzen dan meza latinoamerikarraren sustatzaileetako bat izan zan-, Ekuadorrera itzuli zan 2014an, oraingoan ‘Monte Sinaí’ parrokiara, eta hantxe dago gaur egun be. Parrokia hau Guayaseko eleizbarrutian dago, Guayaquil uriko auzo pobre batean. Handik, Bautistak gutuna bialdu dau Misinoetarako Eleizbarrutiko Ordezkaritzara, jasotako laguntzagaitik eskerrak emonez eta egoera hau zelan bizi daben kontatuz (gutuna osorik, esteka honetan).

Bautistaren esanetan, larrialdi-egoeraren hastapenetatik, Guayaquilen kaos negargarri eta zoritxarrekoa hedatuta egoanean, laguntza garaiz eta zehatz heldu jaken, “whatsapp, telefono-dei erara, diru-laguntzak… Zuen deiak guztiz baliagarri izan doguz behin eta barriro adorez beteteko, senide kutsuko besarkada estu lez sentitu doguz. Misinoetatik eta partikularrengandik heldu jakuzan dohaintzak eta diru-laguntzak funtsezkoak izan dira. Izan be, hasiera batean, dana goitik behera joiala uste genduanean, laguntza horreei esker bizitzaren eraikinari duintasunez eutsi deutsagu eta ezustean eta era ezezagunean gertatzen ari zanak eragiten euskun ezintasun-sentipena uxatzeko balio izan deuskue. Diru horren truke, hilkutxak, nitxoak, janaria (janari asko), hezkuntza- eta lan-ekimenak jadetsi eta bultzatu doguz. Eta, batez be, nasaitasuna, bakea eta poztasuna eroan deutsagu milaka laguni. Guzti horregaitik, eskerrik asko, bihotzez, gu zaintzeagaitik. Zuon laguntzak zaintzeko balio izan deusku”.

Juan Marik gogoratzen dauanez, Garizuma aldian ezarrizan etxeratze-agindua Guayaquilen: “errukizko ohiko egintzak eguneratu eta gauzatu behar izan genduzan: hildakoei lur emon, gosetiari jaten emon, ezjakinari irakatsi, gaixoa bisitatu…”.

Jasotako diru-laguntza horri esker, hasieran, hilkutxak erosi ahal izan ebezan lehenengo hildakoentzat eta baita nitxoren bat edo beste be, izan be “ehorztetxe eta kanposantuek jarrera anker eta espekulatzailea erakutsi eben, prezioak igoz, euren negozioa handituz eta hildakoen senideen zoritxarrari larritasuna, zalantzak eta zorrak gehituz”.

Bigarren une batean, eta askotariko diru-laguntzei esker, enpresa eta negozioen kolapsoari aurre eginez, elikagaiak banatu dabez, oinarrizko saskien bidez, astero lehenengo hiru hilebetez, 300 familiaren artean. Azaltzen dauanez, “familia horreetan ez zan dolar bakar bat be sartzen. Gaur egun, egoerak hobera egin dau eta alarma-egoeraren aurreko hainbat lan martxan jarri da”.

Kurtsoaren hasieran, baliabide urriak dabezan familietako umeek hezkuntza arazo larria ebela ikusi genduan: “Ministerioak ikasturte honetan eskolak bide informatikotik emongo dituala erabagi dau. Agintariek egundoko lotsagabekeria erakutsi dabe gai honetan. Ez dau kontuan hartu inork emoten ez deutsiezalako inongo baliabide eta bitartekorik ez daben mutiko eta neskato behartsu honeen egoera. Aberatsengandik eta aberatsentzat gobernatzen da, ofizialtasun eta ankertasun osoz baztertuz ministerioaren proposamena onartzeko inongo aukerarik eta ahalmenik ez daben umeak. Eta, jakina, ministerioak be ez deutsez emoten”. Parrokiako gazte batzuek euren gain hartu dabe mutiko eta neskato honeei laguntzeko ardura, online konexinoa, tabletak, telefonoak, inpresora,… eskura jarriz eta tutoretza eskainiz, parrokiako lokaletan 70 umerentzako gela birtuala sortuz.

“Denporaldi honetan bizi ahal izan dodan esperientziarik atsegin eta eraikitzaileenetakoa hauxe da: behartsuek, adi egon eta entzuten badoguz, beti irakasten deuskuela". Juan Mari Bautistaren gutuna osorik, hemen.

Juan Mari Bautista