Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Begoñako Amatxuren egun handia

|   Komunikazinoa

Gaur –urriak 11, astelehena- Begoñako Amatxu Bizkaiko Jaurerriko zaindariaren eguna ospatuko dogu. Osasun-arau barrien eraginez, edukiera ehuneko ehunekoa da eta eleiztarrak murrizketa barik sartuko dira santutegia, barruan, santutegian zein gainerako eleiza guztietan, maskara jarrita eukitekoa ezinbestekoa bada be, “hitz egiten danean edo jaunartzean izan ezik”. Horrezaz gainera, sarreran eskuak desinfektatu behar dira eta bakea emotean zeinua egingo da orain be, kontaktu fisikoa saihestuz. Gaur, goizeko bederatzietan ospatuko da lehenengo meza Begoñan (euskeraz eta zuzenean Bizkaia Irratitik) eta hurrengoak 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan (Felix Alonso bikario nagusia buru dala) eta 13:00an (CECO Eleizbarrutiko itsuen alkarteko kideek parte hartuko dabe). Arratsaldeko eukaristiak, 17:00, 18:00, 19:00 eta 20:00etan (On Joseba Segura eleizbarrutiko gotzaina buru dala) ospatuko dira. Azken honetan, Joan Mª Aburto Bilboko alkatea be izango da eta Beti Jai Alai dantza-taldeak parte hartuko dau. Eukaristia guztiak zuzenean eskainiko dira web orrialde honen bidez.

Gainera, Begoñako Basilikaren 400. urteurrena dala-eta, ONCEk gaur, urriak 11, salgai jarriko dauan kupoiaren-5,5 miloe kupoi Estatu osoan banatzeko- irudia basilikarena da.

Eleizbarrutiko gotzainak eskerrak emon eutsazan ONCEri ekimen honengaitik joan dan eguaztenez Begoñako basilikan kupoia aurkezteko egin zan prentsaurrekoan. Gotzainaren esanetan, “Bilboko Eleizbarrutitik bat egiten dogu zerbitzu horregaz, askotariko gaitasunak dabezan pertsonez osatutako berariazko sailagaz”. Honen haritik gotzainak esker ona adierazo deutso itsu katolikoen erakundeari (CECO), Bizkaian hogeta bost urtez egin dauan ibilbideagaitik. Pandemia aldia be aitatu dau, alkartetik, “zailtasunak gaindituz” eta “beste era batera” itsuei egoitzetan eta euren etxeetan laguntza emoten jarraitu dabelako