Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Bakartzeak Covid-19aren eraginez Jesusen Bihotza Ongintzako Etxean eta Begoñako Beneragarrien Etxean

|   Komunikazinoa

Hamahiru lagunek positibo emon dabe koronabirusean Monte Avrileko Jesusen Bihotza Ongintzako Etxean. Zehatz-mehatz, etxean bertan bizi diran 8 lagun eta erakundeko 4 monja bakartuta dagoz eta, gainera, langile batek positibo emon dau oporretan egoala. Begoñako Beneragarrien Etxean, bertan bizi dan abade batek positibo emon dau eta horregaitik gainerako 30 abadeak euren geletan bakartuta dagoz PCR proba egiteko zain.

Jesusen Bihotza Ongintzako nagusia dan Sor Concepcion Fernandez Harok adierazo dauanez, dagoeneko egin deutsiez PCR probak egoitzan bizi diran guztiei, monjei eta langileei. Zentroan positibo emon daben 12 lagunak bakartuta dagoz euren geletan eta langilea bere etxean dago.

Une honetan, danak dagoz datorren astean barriro proba egiteko zain.

Sintoma bako positiboa Beneragarrien Etxean

Begoñako Beneragarrien Etxean bizi diran 20 lagunak bakartuta dagoz euren geletan bizilagun daben abade batek positibo emon ondoren; Osakidetzak PCR probak egingo deutsez guztiei. Positibo emon dauan abadeak ez dau inongo sintomarik eta ondo dago. Roberto Vidal Etxeko zuzendariaren esanetan, pertsona honi “jarraipena egingo deutsela” baieztatu deutse osasun etxetik eta, laster, aztarnariak eurekaz hartu-emonean jarriko dira ze urrats emon behar daben jakinaraziz. Langileek etxean bizi diranei arreta eskaintzen jarraitzen dabe, nahitaezko osasun-neurriak betez.

Jesusen Bihotza Ongintzako Etxea