Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Athleticek Superkopa eskaini deutso Amatxuri eta jarraitzaile guztiei

|   Komunikazinoa

“Fedeak, mendiak mobitzen ei ditu, eta benetan mobidu dituala!”, esan dau hasieran Jose Mari Delclaux abadeak, joan dan domekaz Sevillan irabazitako Superkopa Amatxuri eskaintzeko Begoñako basilikara hurreratu diran Athleticeko jokalari eta agintariei harrera egitean. Iker Muniain, Oscar de Marcos, Iñaki Williams, Mikel Balenziaga eta Raul Garcia taldeko bost kapitainak, Jose Angel Iribar taldeko ordezkaria, Aitor Elizegi presidentea, Mikel Martinez presidenteordea eta Jon Berastegi zuzendari nagusia izan dira ekitaldian.

Bere burua “Athleticen jarraitzaile eta bazkide” autortu dauan Delclauxek bertaratutakoei esan deutsenez, “talderik garrantzitsuenak, handienak” garaitu behar izan dozuez, gehienen usteak, hau da, finala Bartzelonaren eta Madrilen artean izango zala inoenena, ezerezean itziz: “huts egin eben, dalako teknika eta taktika batzuk jarraitzeaz gainera, garaipenean sinistu egin eben jokalariak izan ebezalako aurrean. Garaipenean sinistu zenduen, irabaziko zenduela sinistu eta irabazi egin zenduen”. Delclauxek aurrerago esan dauanez, partida irabazteko, beste talde bati irabazteko, besteak beste, hiru gauza bete behar dira: ordenaz jokatu, diziplina izan eta dakianaren, hau da, entrenatzailearen irakaspenei jaramon egin eta, benetan, “bikain egin zenduen guzti hori eta irabazle atara zinien”. Bizi dogun osasun egoeraren haritik, Delclauxek adibide bera jarri dau, esanez: “irakaspen hau, zuontzat, guretzat eta gizadi osoarentzat baliagarri izatea gurako neuke. Zoritxarrez, etsai handi eta ahaltsu bat dogu aurrez aurre, koronabirusa eta egundoko burukomina eragin deuskun pandemiaren erdian gagoz. Nire ustez, garaitzeko erarik onena, diziplina izatea, ordenatuta egotea eta dakienaren jarraibideei jaramon egitea da, eta dakienen laguntzari esker garaituko dogu. Zuok Madril eta Bartzelonako taldeak garaitu dozuezan lez, koronabirusa garaitzeko gauza izango ahal gara eta gabarra atarako ahal dogu bizkor zuon garaipenak ospatzeko. Eskerrik asko zuoi. Atsegin eta harrotasun handiz egin deutsuegu harrera eta seguru Amatxu be poz-pozik izango dana”.

Aitor Elizegi Athleticeko presidenteak emon deutso amaiera ekitaldi xumeari. Era pribatuan egin da, jente-pilaketak saihesteko eta kapitainek Ama Birjinaren oinetan itzi dabe Superkopa. Aitor Elizegik “danontzat lagungarri izan daitekezan autorpen pertsonalak” egin ditu. Bere esanetan, bere amarentzat “egun zoragarria da, Begoñako Amatxurengan sinisten daualako eta berak erakutsi deustanez merezi daualako sinistea. Gaur hain fededuna ez zan baina Athleticen eta uri honetan fede handia eban aita falta jaku. Holan batzen dira talde hau bizitzeko eta ikusteko era biak. Beste autormen bat: nire ustez, Athleticek Begoñako Amatxuri lotuta jarraitu behar dau etorkizunean be, gure historiaren kontaketan partaide dalako eta batu egiten gaitualako, beraz, eutsi deiogun mezu horri”. Aurrerago esan dauanez, basilikan, “etxean lez nago” eta “eutsi egin behar deutsegu guztioi beti, eta batez be gaur egungo egoeran, on egiten deuskuen babesleku honeei”. Amaitu aurretik, Athleticek finalean sartu ebazan hiru golak gogoratu ditu: “hirurak fedearen emaitza izan ziran, hirurek gogoratzea merezi dabe eta hirurek bat eginda dagoan eta sinistu dauan jokalarien lana irudikatzen dabelako. Jokalariek sinistu egin dabe, eta gol bakotxa fedeak eragindakoa izan zan, jakina, inork baloi horretan sinisten ez ebanean. Fedez sartutako hiru gol. Merezi izan dau kopa hau etxera ekartea eta Amatxuri eta bilbotar guztiei eskaintea. Eskerrik asko, benetan”.

Urteerran, Begoñako basilikako kanpaiek Athleticen ereserkia jo dabe.

 

 

Fotos: Diócesis de Bilbao