Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Asteburuan, Kristau sarbideko sakramentuak, oroitzapenak eta topaketak

|   Komunikazinoa

Azaroaren 24an, zapatuz, Barakaldoko Pastoral Barrutiak lau persona helduren kristau sarbideko sakramentuak ospatu ebazan San Jose parrokian. Beste alde batetik, HOAC mobimentuko Bizkaiko kideek mobimentuaren batzar nagusian parte hartu eben Avilan eta Meza latinoamerikarrean Honduraseko migratzaileen karabana izan eben gogoan. Gainera, Arizen, aurreko asteburuan ospatu zan Behartsuen aldeko Munduko II. Egunaren haritik, topaketa ospatu zan. Atzo, domekea, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria deuseztatzeko nazinoarteko eguna gogoan izan eben hainbat Eukaristiatan.

Urte biz kristau heziketa eta bizi eta fede esperientziak alkarregaz bizi ondoren, joan dan zapatuz, azaroak 24, Barakaldoko San Jose parrokian ospatu zan eleizkizunean, Milviak Bateoa, Sendotza eta Lehen Jaunartzea hartu ebazan; Yolanda eta Danielek Sendotza eta Bibianak Lehen Jaunartzea. Jose Alberto Guemes Barakaldoko PBko parroko eta arduradunak ospakizunaren ostean azaldu ebanez, “jenteak gogotsu parte hartu dau eta eleizkizun hunkigarria izan da”. Lau lagunok, gainera, alkartean txertatzeko “eta, esperientzia aberasgarri honen ostean, fedean hazteko prozesuan jarraitzeko” nahia adierazo dabe. Kerman Lopez gotzain bikarioa eta prozesuan sakramentuak hartu dabezanen bidelagun izan diran PBko kideak be izan ziran ospakizunean.

Beste alde batetik, Barakaldon, datorren zapatuz, Abendu aldiko erretiroa ospatuko dau Pastoral Barrutiak San Bizente Martiria parrokian 10:30etatik aurrera, Roberto Vidal Profesionalen Pastoraltzarako eleizbarrutiko eta estaduko arduradunaren eskutik.

Meza Latinoamerikarra

Hilebete honetako Meza latinoamerikarra ospatu zan atzo, ohikoa danez, San Luis Beltran parrokian, konbidatu bereziakaz: Honduras eta Mexikoko jentea. “Migratzaileen karabana” izan eben gogoan, eta buru izan ziran, Meza latinoamerikarraren eleizbarrutiko arduraduna dan Johnny Vargas eta gaur egun gure eleizbarrutian ikasten diharduan eta joan dan kursotik aurrera Barakaldoko Pastoral Barrutian laguntzen dauan David Perez abade mexikarra.

Topaketa Arizen

Behartsuen aldeko Munduko II. Egunaren haritik, joan dan zapatuz 40 lagunetik gora batu zan Arizeko parrokian, “entzuteko eta esperientziak batera jarteko eremuan”. Hainbat gairen inguruan jardun eben, esate baterako: “Zelan begiratzen deutsegu kartzelan egon diranei? Zelan begiratzen deutsegu gure herrira munduko beste hainbat lekutatik etorri diranei? Zelan begiratzen deutsegu persona nagusiei? Zelan begiratzen deutse Nazareteko Jesusek? Zelan begiratzen deusku Jesusek?".

Langile Pastoraltza

“Ezegonkortasunean lagun egin” goiburua ardaztzat hartuta, asteburu honetan ospatu dira Avilan Langile Pastoraltzaren Jardunaldi Nagusia. Bilboko Eleizbarrutitik, ordezkaritza zabala izan da bertan: Juan Mari Lechosa, Montxo Lopez, Jorge Torralbo eta Maite Valdivieso. Jose Luis Segovia Bernabe Gizarte Pastoraltza eta Barrikuntzarako Madrileko Bikarioak berbaldia eskaini eban eta, horrezaz gainera, Andaluciako “Barrios ignorados” izeneko plataformatik Langile Pastoraltzari lotutako personek behin-behinekotasunez jantzitako eremuetan eta Alacanteko zapatagintzaren arloko eremu sindikalean eskaintzen ari diran akonpainamentuaren esperientziak aurkeztu ziran.

Kristau sarbideko sakramentuen ospakizuna Barakaldon