Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Asteburuan, erretiroak, topaketan eta helduen sakramentuak

|   Komunikazinoa

Hirurogeta hamabost lagun inguruk parte hartu dau asteburuan Zornotzan, Larreako Gogarte Etxean, IV eta V. Bikaritzetako gazte eta helduen erretiroan. Barakaldon, barikuz, familien eskolaren bigarren saioa osatu zan eta atzo, Sestaon, 8 helduk sendotza hartu eben.

Gazteei eta euren laguntzaileei otoitzerako, hausnarketarako eta barneratzerako eremua eskaintzeko eta Kristau Sarbide/Eskaut ibilbidearen amaiera atarian dala-eta Sendotzaren Sakramentuaren inguruan bereizketa egiteko helburuagaz IV. eta V. Bikaritzetako gazte pastoraltzarako koordinadoraren eskutik gazteentzako erretiroa ospatu eben. Beren-beregi antolaketaz arduratzeko izendatu eben batzordeak hasieratik ikusi eben hartzaileak anitzak eta askotariko ibilbideetan egozanak zirala. Hiru maila ezarri ebezan: Sendotzaren sakramentua jasoteko aukera aztertzen diharduen edo Kristau Sarbideko ibilbidearen azken txanpan dagozanak; nolabaiteko fede ibilbidea dabenak eta euren fedea argi dabenak eta prozesu edo ibilbidea burututa daukienak. Erreferentzia taldeetako gazte eta helduak eta ibilbidean gazteen laguntzaile diran helduak.

“KRISTAU IZAN, NORBERA IZANEZ” goiburuaren haritik ospatu zan erretiroa eta talde guztietan izan ziran otoitzerako eta batera jarteko uneak. Gainera, “talde handian be egin ebezan jardurera batzuk, esate baterako, Taize erako otoitzaldia zapatu gauez edo atzo eguerdiko Eukaristiaren ospakizuna”.

Antolatzaileak pozik agertu dira eta euren esanetan esperientzia “oso ona eta atsegingarria izan da. Bidean geldialdia egin, askotan lanez, kezkaz beteta dagoan gure bizitzan geldialdia egin, barruan daroaguna batera jarteko eta fedea ospatzeko. Erretiroan, gazte, ez hain gazte eta helduok bizipenak eta esperientziak batera jarri doguz”.

Barakaldo

Joan dan barikuz, otsailak 8, familien eskolaren bigarren saioa egin zan Barakaldo Pastoral Barrutian (PB). San Bizente parrokian ospatu zan, “Seme-alabak: familian gatazkak aurreikusi” gaiaren inguruan eta ‘Amigó’ fundazinoko Ines Pinto eta Nancy Juape hizlari eta laguntzaile zirala.

PBko familiak, aita eta amak, aitite eta amamak, katekistak, beste hainbat arlotako personak batu ziran. Antolatzaileek azaldu dabenez, “partaideen balorazinoa oso positiboa izan da eta aurrerantzean egin daitezan saioen zain geratu gara danok, beste gai batzuk aztertu nahirik”.

Sestao

Sestao PBko zortzi lagunek Sendotzaren sakramentua jaso eben atzo. On Mario Izeta Eleizbarrutiko Gotzaina buru zala, eta Kerman Lopez lurraldeko bikarioa be bertan zala, egin zan ospakizunean, alkarteak ondo etorria adierazo eutsen. Sendotza hartu ebenen artean, CECO itsuen alkarteko kide bat egoan eta San Miguel Eskautakeko familien batzordeko ama bat. Sendotza hartu eben lagunetako bik bateoa be hartu eben eta batek Lehenengo Jaunartzea.

Sendotzak Sestaon