Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Asteburuan, erretiroa, topaketa eta ospakizuna

|   Komunikazinoa

Joan dan zapatuz, Kartzela Pastoraltzarako boluntarioak Bilbon alkartu ziran espiritualtasuna lantzeko saioan. Gainera, HOAC eta Ekintza Katolikoa mobimentuen eskutik, erretiroa ospatu zan Euban, Juan Mari Lechosa eleizbarrutiko abadearen laguntzagaz. Atzo, hilaren azken domekaz, Hego Amerikako alkartea San Luis Beltran parrokian batu zan, hileroko baterako eleizkizuna ospatzeko.

Juan Mari Lechosa abadeak gidatuta, HOAC eta Ekintza Katolikoa mobimentuetako militanteek erretiroa ospatu eben zapatuz, Euban. Jose Luis Iglesias Meilanek amaieran adierazo ebanez, “geure bokazinoa eta aukeraketa” gaurko mundu likidoan barriro irakurteko eta barritzeko proposamena izan da. Horregaitik, bere esanetan, “esparrutik kanpo pentsatzeko” promosamena egin jaku, baina “beti be erreferentzia nagusia ahaztu barik, hau da, behartsuen aldeko konpromisoa eta Eleizaren bizipena Jainkoagaz bat egitean buztartu”.

Zapatuan bertan, Kartzela Pastoraltzarako boluntarioak be batu ziran, “gizarte ekintzan gure espiritualtasuna zaintzeko”. Samurtasunaren espiritualtasuneran ibilbidearen bitartez, “Salva eta Mª Marrek lagunduta, ADISKIDETASUNA hitzean sartu gara, hitz horrekin otoitz egin dogu eta hitz horrek bakotxarentzat zer esan gura dauan batera jarri dogu”, Jorge Muriel arduradunak azaldu ebanez. Azken batean, bere esanetan, “Jainkoagaz, lagun hurkoagaz eta geure buruagaz dogun hartu-emona zaintzeko unea” izan zan.

Meza latinoamerikarra

Venezuelako alkartea izan zan protagonista, azto, Bilboko San Luis Beltran parrokian ospatu zan Meza latinoamerikarrean. Alkarte honek lehenengo aldiz esku-hartu eban Eukaristiaren sustapenean eta, beste behin be, hilaren azken domekaz gertatzen danez, makina bat fededun batu zan. Iruñan Doktoretza-ikasketak egiten diharduan, baina Sestaon bizi dan eta Meatza inguruan eta Barakaldo erdigunean laguntzen dauan A. David Urdaneta Maracaibo-Venezuelako abade gaztea be izan zan ospakizunean. Johnny Vargas Meza latinoamerikarraren antolaketaz arduratzen dan abadearen esanetan, “Venezuelako alkarteak otoitz egiten jarraitu gura dau, gizarte, politika eta ekonomia arloan krisi larri eta luzea bizi dauan herrialdearen alde”. Hurrengo Mezako protagonistak El Salvadorrekoak izango dira.

Kartzela Pastoraltzarako boluntarioen erretiroa