Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Aniztasuna, erlijinoak eta alkarbizitza

created by Bihar hasten dira, “Alhóndiga Bilbao”k antolatuta, “Bilbo kultura arteko uria” J |
|   Komunikazinoa

Bihar Bilboko Alondegian (Arrikibar enparantza, 4) hasten diran “Aniztasuna, erlijinoak eta alkarbizitza”ri buruzko jardunaldien egitarauaren ardatza erlijino, gizarte eta erakunde ordezkarien arteko mahai inguruetan eratzen da. Mintegiek ere gune bereizia izango dabe eta euren helburua esparru ezbardinetan erlijino aniztasuna aztertzea izango da: hezkuntzan, lanean, osakuntzan, gizarte ongizatean eta horniduretan. Mintegi honeetan, esparru bakoitzeko jakitunek eta ekintzaile trebeek esku-hartuko dabe.

Jardunaldi honeetarako argitaratutako egitarauan, “Bilbo barriko gizartearen ezaugarrietako bat dala erlijino aniztasuna azpimarratzen dau Alhóndiga Bilbao”k. Bilbo uri edegiagoa eta anitza egiten laguntzen dabe herri, kultura eta erlijino ezbardinetatik etorritako gizon eta emakumeek. Horregaitik, kultura anitz horretako gizarte barriari egokitzeko, “Alhóndiga Bilbao”k jardunaldi honeek hartzen ditu, ekainaren 15, 16, 17 eta 18an, hausnarketarako eta eztabaidarako aukerak eskeintzeko

Gizon-emakume entzutetsuek esku-hartuko dabe lau egun honeetan. “Sekulartzea eta erlijinoa” gaitzat izango dauan astearteko mahai inguruan Rafael Díaz Salazar-ek (Madrilgo Konplutense Unibertsitatea), Javier Otaolak (Gasteizko Udaletxearen sindikoa) eta Patxi Lanceros-ek (Deustuko Unibertsitatea) esku-hartuko dabe. Eguastean, “Erlijinoa, Feminismoa eta Demokrazia” gaiari buruz izango da mahai ingurua eta Teresa Forcades beneditar lekaimeak, (Medikuntzan eta Teoligian doktorea) eta Catalunyako UNESCO Alkartearen lehendakari-ordea dan Yaratullah Monturiol-ek esku-hartuko dabe. Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak egingo dau arteztaile. barikuan, Abdeluahed Akmir Marrackeh-ko Unibertsitatekoak eta Jose Antonio Zamora Madrilgo Zientzi Ikerkuntzen Zentro Nagusikoak berba egingo dabe “Islamen eta kristautasunaren erronkak?” gaiari buruz. F. J. Vitoria, teologoa eta EDE fundazinoko burua izango da arteztailea.

Eta amaitzeko, ostiralean, Islamari buruzko jakintzan irakaslea dan Tarik Ramadan-ek eta Madrilgo Konplutense Unibertsitateko Carlos Taibó-k esku-hartuko dabe. Imanol Zubero artezlari dala, “Munduaren akatsa: kultura ala economía?” gaiari buruz eztabaidatuko dabe. Mahai inguru guztiak Alondegiko lehenengo solairuko Auditorium-ean izango dira. Kongresuko beste ekintzak  Bastida aretoan. Egitarau osoa ezagutzeko, esku-hartzaileak, gaiak, ordainketa, orduak, izen emotea etab., jo 94 402 14 02 telefonora edo beste hona: www.alhondigabilbao.com.