Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Anglikanoak, Ortodoxoak, Luteranoak, Katolikoak… Bizkaiko kristauak ospakizun berean batuko dira domekaz

created by Arratsaldeko seietan, ospakizuna katedralean |
|   Komunikazinoa

Datorren domekaz, urtarrilak 24, otoitz ekumenikoa ospatuko da Santiago katedralean arratsaldeko seietan, atzo –astelehena- hasi zan Kristauen Batasunaren aldeko Otoitz Asteari amaiera emonez. Hasiera batean, zazpietan hastekotan zan otoitzaldi hori, baina etxeratze-agindua aurreratu egin daitekela-eta, ordubete aurreratzea pentsatu dabe. On Joseba Segura gotzainak ospakizun ekumenikoan parte hartuko dau Eleiza anglikano, ortodoxo, luterano eta ebanjelikoko hainbat ordezkarigaz batera. Iaz Eleiza Adventista eta Filadelfiako Eleizako ordezkariak be ospakizunean izan ziran. Otoitzaldi hori zuzenean jarraitu ahal izango da web orrialde honen eta Bilboko Eleizbarrutiaren youtube kanalaren bidez.

 

 

Miguel Angel Esnaola Ekumenismorako eta Erlejinoen arteko Hartu-emonerako ordezkariaren esanetan, datorren domekako otoitzaldiaren aurretik, Bilboko Eleizbarrutian dagozan Eleizetako ordezkariek –Eleizbarrutiko gotzain administratzailea barru- alkarregaz bazkaltzeko asmoa eben, “bakotxak bere egoera batera jarteko eta lankidetzarako proposamenak zehazteko”. Halanda be, batzarrak egiteko muga barriak egon daitekezala-eta, atzeratu egin da gotzainaren eta beste Eleiza batzuetako artzainen arteko bazkari-batzarra. Otoitzaldian, bere aldetik, eleizetan guztira sartu daiteken jente-kopuruaren %35a baino ez da batuko.

Argazkia: Abdon Rodriguez