Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Angel Mari Unzuetaren hileta-eleizkizuna zuzenean, web honetan, 17:00etatik aurrera

created by Bihar 19:00etan Begoñako basilikan bere oroimenez ospatuko dan Eukaristia be zuzenean emongo da |
|   Komunikazinoa

Oraindik hunkituta zapatuz gertatu zan Angel Mari Unzueta bikario nagusi ohi eta Otxandio eta Urkiolako gaur egungo parrokoaren bat-bateko heriotzagaz, askok eta askok galdetzen dau zelan joan gaur arratsaldeko bostetan, On Mario Izeta Burgoseko artzapezpiku hautatu eta Eleizbarrutiko administratzaile apostolikoa buru dala, eta On Joseba Segura gotzain laguntzailea, On Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzaina eta On Joan Maria Uriarte Donostiako gotzain erretiratua alkar-meza emoten dirala, Durangoko Andra Mari basilikan ospatuko dan edo datozan egunetan bere oroimenez egingo diran ospakizunetakoren batean zelan parte hartu. Indarrean dagozan osasun murrizketek eleizetan sartu daiteken jente-kopurua txikia izatea dakarrenez, gaur Durangon ospatuko dan Eukariztia zein bihar –martitzena- arratsaldeko zazpietan bere oroimenez Begoñako basilikan ospatuko dana zuzenean jarraitu ahal izango dira web orrialde honetatik. Beste alde batetik, datorren zapatuz, azaroak 21, Angel Mariren oroimenezko beste Eukaristia bat ospatuko da Durangoko basilikan, eguerdiko hamabietan.

Atzo, web orrialde honetan, barria argitaratu genduan zapatutik heldu diran mezu eta doluminak jasoz, esteka honetan. Gainera. Eleizbarrutiko orrialde honetan, ‘azken agurra’ saila zabaldu da Angel Mari Unzuetaren aldeko mezu eta doluminak jasoteko. Sartu nahi izan ezkero, hemen klikatu. Jasotako mezuen artean, Iñigo Urkullu lehendakariak gogoan izan dau Unzuetak baketze eta bizikidetzaren alde egin dauan lana eta bere “hurkotasuna, alkartasuna eta behartsuenen aldeko konpromisoa” nabarmendu dau, senide, lagun eta Bilboko Eleizbarrutiko kideei doluminak bialtzeaz batera: “Angel Mari Unzueta Begoñako abadetxean hil da. Gutariko hainbaten doluminak helarazi nahi dizkiegu,, atsekabean lagun, bere senitarteko, hurbileko guztiei eta Elizbarrutiakideei. Teologoa eta historiolaria, Euskeraren Aholku Batzordekide-ohia, gertutasuna erakutsi zuen beti, behar gehien zeukatenekin elkartasuna eta konpromisoa ere. Pertsonaren bizitza duina eta denon arteko bizikidetza ziren bere ibilbidearen jomugak, pakegintzan aritutakoa, beti ere fedearen eta konpromisoaren bidea jorratuz. Eliz-gizon osoa eta pertsona ona, hutsunea utzi digun arren gogoan izango dugu. Goian bego!”

Unzuetak Baionako Lapurdi Irratian be lagundu eban eta handik be bialdu dabez berba batzuk: "Pena eta emozio handiz ikasi dugu Iparralde huntan Anjel Mari Unzueta apezaren heriotza. Azken hogoi urte hautan hilabetero Lapurdi Irratian emaiten zituen Bilboko elizbarruti edo diosesako berriak. 2012an, Ainhoako beilan biltzar-buru izan zen: Euskal Herrian eraiki beharreko bakea zuen orduan beila-gai nagusia. 2018ko uztailaren 14an, ongi etorria egin zaunkun Urkiolako Saindutegian gure diosesako euskal beila kari. Izaitez horrelakoa izanik, elkartasun eta adiskidetasun lokarri tinko bat sortua zuen Baionako diosesako fededunekin. Dolumin beroenak helarazi nahi dizkiotegu bai familiari eta bai Bizkaiko fededuneri. Gure Jainkoak har dezala bere maitasunezko Erreinuan. Goian bego! Egun handirarte!" (Alexandre Aguerre, Lapurdi irratiaren izenean).

Angel Mari Unzueta