Durangon ordenatu zan 1979ko urriaren 27an. 11 urtegaz sartu zan Derioko seminarioan. VI. Bikaritzako Lurralde bikarioa izan zan 1996tik eta Teologia eta Pastoraltza Institututoko kolaboratzailea. Ermuako talde ministerialeko kidea izan zan (1979-1984), Bokazino Pastoraltzako eta Gazteen Idazkaritzako arduraduna be izan zan (1986). Seminarioko hezitzailea (1992-1996) eta aldi horretan Bilboko San Anton parrokiako aguntzaile be (1993-1996). Deustuko Unibertsitatean, 1977, Historia eta Geografia ikasketak burutu ebazan, baita Teologikoak be (1979). Ruhreko (Bochum. Alemania) Unibertsitateko Teologia Fakultadean Doktoradutzea egin eban. Erromako Unibertsitate Gregorianoan Eleiz ikasketak egin ebazan (1992-1993). Bilboko Elizbarrutiko bikario nagusia izan zan 2006. urtetik. Andoni Gerrikaetxebarriaren ostean hartu eban bikario nagusi kargua, 1989tik eroian zeregin honetan eta. Nahiz eta hasiera baten bost urterako zeregina izan, Elizbarrutiara on Ricardo Blazquez heltzerakoan aldatu egin zan araua. Agindua amaitzerakoan barik gotzainak erixten eutsan unera arte jarraitu eikean bikario nagusiak. On Mario Izetak berretsi egin eutsan kargua eta holan jarraitu eban 2011tik 2018ra arte, on Joseba Segurak lekukoa hartu arte. Azken urteotan barriro Durangaldean egoan eta Urkiola eta Otxandioko parrokien kargua eukan. Gasteizko Teologia Fakultadeko irakaslea zan eta Begoñako Andra Mari Eskolan BAM-en be maisu modura aritzen izan da.
Euskal kulturagaz konprometitutako abadea
Elizbarrutiko irratietako kontseiluko presidentea izan zan on Karmelo Etxenagusiaren ostean eta Elizbarrutiko Kultur Erakundeen Mahaiko presidentea be. Honetan hainbat kultur ekitaldi bultzatu izan dauz, besteak beste, Karmelo Etxenagusia Ohorezko Aitamena edota Euskaltzaindiak Liturgiako testuen itzultzaileei egindako omenaldia. Kirolzalea, frontoira joatea gustetan jakon lagunakaz palara. Bere lorratzak bai Bizkaiko Eleizean zein gizartean betiko iraungo dau.
Goian Bego! Egun Handira arte!.