Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Amazonasi buruzko saioa, ‘Yan Lur’ GKEaren eskutik

created by Bariku arratsaldeko zazpietan, Indautxuko Karmeneko Ama parrokian |
|   Komunikazinoa

Datorren barikuz, maiatzak 17, Basurtuko kristau alkarteak suspertutako ‘Yan Lur’ GKEak herritarren artean sentiberatasuna bizteko saioa ospatuko dau Indautxuko Karmeneko Ama parrokiako areto nagusian arratsaldeko zazpietan, “Yan Lur lankidetzan Amazonasen zaindariakaz; jakin gura dozu zelan?”.

Datorren urriaren 6tik 27ra, Frantzisko Aita Santuak Amazonasen inguruko Sinodoa deitu dau. Gainera, urria Ezohiko Misiolari Hilebete lez aldarrikatu dau eta, holan, mahai gainean jarri ditu Eleizak aurton izango dituan lehentasuna. Horregaitik, ‘Yan Lur’ GKEko kideek aspalditik garatzen diharduen lanak aparteko garrantzia dau oraingoan.

Barikuko topaketan, GKEko arduradunek Amazonas boliviarretik datozan azken barriak emoteaz batera, hango erronka nagusiak aurkeztuko dabez. Berbaldi-solasaldia be izango da, Javier Arellano Deustuko unibersidadeko etika-zentroko zuzendariak jardungo daualarik.

‘Yan Lur’

Basamortutzea, ur-falta eta ingurumenaren zaintza lako arazoak konpondu guran diharduen personakaz lankidetzan aritzeko sortu zan. Josetxu Canibe eleizbarrutiko abadea da sortzailea eta ohorezko presidentea. Honen esanetan, ‘Yan Lur’ GKEak eskaintzen dauan laguntzaren zati bat ‘Si loé’ ontzira bideratzen da, Beniko Amazonaseko indioentzat hil edo biziko tresna da-eta, ontzi horri esker beste era barera iristea ezinezkoa dan lekuetara heltzen diralako; ‘Trópico’ irratiari be laguntzen jako, alkarte indigenak komunikatzen ditualako eta emakume indigenen heziketa bultzatzeko bozgorailu bihurtu dalako.

‘Yan Lur’ GKEak jenteak bere borondatez egiten dituan ekarpenetatik eta Bilboko Udala lako erakunde publikoetatik jasoten dau dirua eta legaturen bat be jaso izan dau.

Gaur egun GKEko presidente dan Luis Vadillok gidatuko dau barikuko saioa. Bertan, hainbat bideo proiektatuko da inguru haretako egoeraren barri emoteko, ‘roll up’, maketa eta argazkiak izango dira ikusgai eta musikak girotuko dau saioa. Barikutik aurrera operatibo egongo dan ‘Yanlur.org’ web orrialde barria be aurkeztuko dabe.

Josetxu Canibe 'Yan Lur' GKEaren jarduera batean