Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

“Amatxuren begiradak” erakusketa Begoñan

created by Gaur, Bizkaiko zaindariaren egunaren bezperan jarrita |
|   Komunikazinoa

Manuel Gomez argazkilari kordobarrak ataratako Begoñako Andra Mariaren irudiaren 15 argazki jarri dabez basilikako hormetan. Eusebio Perez Begoñako parrokoak erakusketaren aurkezpenean nabarmendu dauanez, “argazki-bilduma ederra osatu dau”.

Begoñako Basilikako arduradunek “Amatxuren” irudien kalidadezko bilduma osatu guran ibili dira eta, parrokoak adierazo dauanez, “argazkilaritza erlijiosoan aparteko sentiberatasuna dauan eta bakarrik hurkotasunetik bizi dituanak erakutsi daikezan ezaugarriak azaleratzen dituan” Manuel Gomez argazkilariagaz hartu-emonean jarri ziran. Manuel Gomez da Begoñako kofradiaren argazkilari ofiziala eta hainbat argazki-bilduma osatu dau eurentzat eta, besteak beste, “horregaitik jo genduan beragana”, dino parrokoak. Azkenengoz lan bat egitera etorri zanean, “Amatxuren” argazkiak egiteko eskatu eutsien eta gaurtik aurrera dagoz ikusgai.

Manuel Gomez

Argazkiak atara dituan argazkilari kordobarra erakusketaren aurkezpenean izan da gaur goizean. Gomezen ibilbide luzea dau argazkilari lez hainbat arlotan eta, horrezaz gainera, aditua da irudi eta gertaera erlijiosoen argazkiak ataraten. “Txikitatik –azaltzen dau argazkilariak- familiak Begoñako Andra Mariaz hitz egiten eustan. Irudiaren balio erlijiosoa zein artistikoa kontuan hartuta, ilusino handia egiten eustan hari argazkiak atarateak. Persona bakotxak, argazkia ataraten dauanean, bere ikuspuntuaren arabera egiten dau. Nik neure ikuspuntua ipini dot eta poz handia eragiten deust Andra Mariarenganako debozinoa sustatzeak. Argazki honeek ikusita, jentea Ama Birjinaren aurrera otoitz egitera eta hausnartzera joatea gustatuko litxakit”.