Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

"Amabirjinari Elizbarrutiaren oinaze guztiak dakartzat"

created by On Mario Izeta Amatxuren Eguneko Meza Nagusian |
|   Komunikazinoa

On Mario Izetak Bizkaiko Zaindariaren Eguneko Meza Nagusiko homilian Jaunak eskaintzen deuskun itxaropenaz egin dau berba. Besteenganako itxaropen izan behar dogula esan dau eta Amabirjinaren antzera adi egon gainontzekoen oinazeei. Elizbarrutian dagozan sufrimentu guztiak bere altxora ekarri dauz eta eskerrak emon deutsez bizi dogun egoera honetatik urteteko laguntzen dagozan guztiei. Administratzaile apostoliko modura jardun dau gotzainak abenduaren 5ean Burgosen bere ministerio barria hasi arte, holan izaten dalako.

Gaurko eguneko azken meza iluntzeko zortzietan izango da, On Joseba Segura gotzain laguntzailea buru dala. Minutu batzuk aurretik, aurtengo Ohorezko Erromez dan Juan Maria Aburto alkateak, Amatxuren oinetan, berba batzuk zuzenduko deutsez bilbotarrei adore emonez.

Aurton, pandemiaren eraginez, eta 1997tik lehenengo aldiz, Begoñako Andra Mari Kofradiak urriaren 11n ohikoak diran desfile eta kalejira bako erromeria antolatu dau, abuztuaren 15ean ezarritako neurriak zorrotz betez.

Erromeria, jatorrian, Erromarako erromesaldia zan, hitzak bidea adierazoten eban-eta. Eta hortik orokor bihurtu zan eta berba hori beste eleiza eta leku santu batzuetara egiten diran erromesaldiak izendatzeko erabilten da eta, esanahi zabalagoan, leku santu batera iritsi ondoren bere inguruan antolatzen zan jaia izendatzeko.

Bitxia bada be, “aurton erromeria bako Erromeria izango dogu”, jaia ospatuko dalako Amatxuren Santutegian eta inguruetan (eskatutako neurri eta mugak betez), baina erromeriak ez dagu “bide” kutsurik izango, Kofradiatik esan dabenez, “debekatu egin diralako desfile eta kalejirak, jente-pilaketak saihesteko eta osasun publikoa zaintzeko”

Oihal zuriz egindako maskarak

Begoñako kofradiak Begoñako Amatxuren irudia daben oihal zuriko maskarak egin dabez eta hiru euroren truke salduko dabez; lepoko moreak be eskuragarri izango dira. Osasun-neurriak beteteko eta jente-pilaketak saihesteko, kofradiaren erabagiz maskara eta lepokoak Lago kafetegian eskuratu ahal izango dira bien “edizino mugatua” amaitu arte. Bide batez, zera gogoratzen dabe: zazpigarren urtez jarraian, urriaren 11n, domekaz, Lago kafetegian gosaltzera gonbidatuko dabez Begoña deitzen dirala egiaztatzen daben guztiak.

Txikienen marrazkiak

Neskato-mutikoek haur-urian egiten eben marrazkia -“Regalo a la Virgen – Birjinari oparia”-, aurten beste era batera egingo da, hain zuzen be, dalako marrazki hori emailez bialduz eta urri osora zabaldu da horretarako epea. Helbide honetara bialdu behar dira: CertamenDibujosAmatxu@cofradiadebegona.org. Hamalau urtetik beherako neskato-mutikoek bialdutako marrazkien artean 20 txokolate eta txurro razino zozketatuko dira, joan dan urtean Ohorezko Erromez izan zan Boni Garcia ostalari nagusiak oparituta, Lago kafetegian hartzeko.

Loiuko komentuko gozogintzako produktuen salmenta

Kofradiatik nabarmentzen dabenez, euren jarriko daben kaseta bakarrean, informazinoa eskaintzeaz batera, maskarak, lepokoa eta loteria baino ez dabe eskainiko, salmentak arin egin eta jente-pilaketarik egon ez daiten. Era berean, Begoñako Andra Mari kaleko 10. zenbakian dagoen euren egoitzan Loiuko San Jose monasterioko mesedetako monjek egiten dabezan gozogintzako produktuak salduko dabez eurei laguntzeko.