Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Alkarte katoliko afrikarra Bilbon batuko da domekaz

created by Encuentro de la comunidad católica africana |
|   Komunikazinoa

Datorren domekaz, urtarrilak 13, Bizkaiko alkarte katoliko afrikarra Barria eraikineko lokaletan (Plaza Barria, 4. Bilbao) batuko da. Iazko urriaren 21ean, alkarte afrikarraren lan-taldea eratu zan Migrazinoetarako Pastoraltzarako Bilboko Eleizbarrutiko sailean. Domekako topaketan, eremu bat bideratu gura da alkarte hori aldizka batzartu daiten, jasaten dabezan zailtasunak batera jarri eta euren errealidadeen barri izan daien.

“Bizkor joan gura badozu, zoaz bakarrik; urrun heldu gura badozu, zoaz taldean” afrikar esaera zaharraren haritik batuko dira datorren domekaz eguerdiko 12:00etan. Hainbat dinamika garatuko dabe taldean eta, ostean, bertaratutakoek bakotxak eroandako jakiez egingo dan alkarte bazkarian parte hartuko dabe. Gaur egun gure Eleizbarrutiko pastoralgintzan diharduen Kongoko eta Kameruneko abade afrikar bi buru dirala ospatuko dan Eukaristian parte hartzeko aukera be izango dabe topaketaren amaieran. Afrikar jatorriko makina bat katolikok parte hartzen dau maiztasunez bizi diran inguruko parrokietako Eukaristietan eta alkarteetan gogotsu esku-hartzen dabe. Talde honen helburua, alkar ezagutu eta partaidetzarako eremu barria izan daiela da.

2017-2018 ekiturtean, Afrikatik etorrita gure alkarteetan parte hartzen daben personek euren arteko hartu-emonari ekiteko eta euren artean alkar ezagutzeko balio izan eben topaketa bi ospatu ondoren sortu zan talde hau helburu honegaz: “afrikar kontinenteko hainbat herrialdetatik datozan persona katolikoak gure alkarteetara erakarteko, euren arteko gertutasuna eta partaidetza areagotzeko eta beren-beregi eurei zuzendutako jarduerak garatzeko”, Manu Moreno Karidade eta Zuzentasunerako Eleizbarrutiko ordezkari barriak azaldu ebanez. Morenoren esanetan, “zerbitzuzko aukera da gure Eleizbarrutiarentzat eta beste hainbat lekutatik gure parrokietara heltzen diran personakaz alkar aberasteko aukera”.

Begoña Mera migrazinoetarako pastoraltzako arduradunak lagundu eta koordinatuko dau taldea eta Kongoko, Ekuatore Gineako, Togoko, Kenyako edo Kameruneko abade, lekaime eta laikoek osatzen dabe. Migrazinoetarako pastoraltzak –urrian plataforma hau eratu zanean azaldu genduanez- laguntzen eta bultzatzen ditu plataforma honen helburuak, hau da: kristau alkarte osoan sentiberatasuna biztu Afrikatik datozan personek bizi daben egoeraren eta pastoral arloan dabezan beharrizanen aurrean; alkarteei argibide eta erispideak emon hurreratzen diranakaz gertukoago eta harreragile izan daitezan eta euren herrialdeetako personak suspertu, alkarteetan txertatu eta parte hartu daien.

Urriko saioa, Manu Moreno eta Begoña Mera tartean dirala