Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Alkarrizketa Eleizbarrutiko aurreko bikario nagusiagaz 'Spiritus Domini' gutun apostolikoari buruz

created by El anterior vicario general, en referencia a Spiritus Domini |
|   Komunikazinoa

Frantzisko Aita Santuak, Emakumeak irakurle eta akolito ministerioan jardutearen inguruan argitaratu barri dauan Spiritus Domini gutun apostolikoari buruzko azalpenak emon deuskuz Felix Alonso aurreko Eleizbarrutiko bikario nagusiak.

Zer lantzen da Spiritus Domini gutun apostolikoan?

Frantzisko Aita Santuak Zuzenbide Kanonikoak Irakurle eta Akolito laiko ministerioei buruz egin dauan aldaketa da; orain arte gizonezko fededun laikoek baino ezin ebezan ministerio honeek jadetsi eta orain emakumeek be jaso daikiez.

Ordena sagaratuak aldatu egiten dira?

Ebazpen hau ez da ministerio “ordenatuen” ingurukoa, “laiko” ministerioen ingurukoa baino, hau da, jendaurrean autortu eta alkartearen eta bere misinoaren esanetara era egonkorrean jarten diran karismak bideratzeko erei buruzkoa. Ministerio ordenatuak Ordenaren sakramentuaren bidez jasoten dira eta laiko ministerioak ezarpen-ohikunearen bidez. Beraz, alde batetik, ministerio ordenatuak doguz (gotzain, abade eta diakono) eta, bestetik, ezarritako ministroak (irakurle eta akolito).

Zertan datza zehatz-mehatz Aita Santuak ezarritako aldaketa?

Eleiza Latinoan ordenatu bako ministerioen –ordura arte “ordena txikiak” deitutakoen- jardutea aztertu gura izan eban San Paulo VI.ak ezarri ebazan laiko ministerioak, sasoiko beharrizanetara egokituz. Ofizio edo egiteko bi eratu ziran, Irakurle eta Akolitoarena, lehenengoa, Hitzaren ministerioari lotuta eta bigarrena, Altarako ministerioa, Gotzainen Batzarrek eskatuta, Vatikanoak ezarri leiken beste hainbat “ofizio” baztertu barik. Ministerio bi honeek diakono ordenatu aurretik jaso behar dira nahitaez. Horregaitik, praktikan, ordenazinorako prestatzen diran abadegai edo erlijiosoek baino ez dabez hartzen. Ordenatzeko bidean ez egozan gizonezkoek be ez dabez ministerio honeek hartu. Aurrerantzean, gizonezkoak ez ezik, emakumeak be ministerio bi honeek jadetsi ahal izango dabezala da aldaketa.

Emakumeek ez eben egiten hori?

Jakina baietz eta gehienetan eurek, gainera. Emakumeek irakurten dabez irakurgaiak Eukaristian (ebanjelioa izan ezik, hori ministro ordenatu batek egiten dau-eta) eta eurek egiten dabez akolito lanak parrokietan. Ministerio bi honeek aldi baterako mandatu lez izten dira laikoen esku, baina ezaprenak autortza ofiziala eta egonkortasuna emoten deutse. Horrek ez dau esan gura ministerio honeek garatzen dabezan pertsona guztiak ezarri behar diranik; nahikoa da alkarteko arduradunaren eskutik jasotako mandatua.

Zer behar da laiko ministerio horreek jasoteko?

Bateoa eta Sendotza hartuta egotea. Gotzainen batzarrak zehaztuko dau ze prestaketa eta baldintza behar daben. Gotzaina buru dala egingo da ezarpen ohikunea.

Amaiera

Frantzisko aita santuak idatzi dauanez: «Bateoaren bidez abadetzan daben partaidetasunaren arabera, sexu bietako laikoei Akolito eta Irakurle ministerioak jadesteko aukera emonez, laiko askok eta askok, baita emakumeek be, Eleizaren bizitza eta misinoari aspalditik egiten deutsen egundoko ekarpena beren-beregi autortzea ekarriko dau, kasu honetan ekitaldi liturgikoaren bidez». Laiko ministerio horreek bakarrik gizonentzat izatea alde batera itzita, Jainkoaren Herriko kide guztiek Bateoan jadetsitako duintasun bera argitasun handiagoz agertuko da.

Marisa Abad, en una celebración en la basílica de Begoña.