Barria - www.bizkeliza.org
Skip to main content

Algora gotzaina: “Ez da normala sindikatu eta alderdi politikoek hain afiliatu gitxi eukitea”

created by Gaur amaituko dira gotzainak zuzendutako gogo jardunak |
|   Komunikazinoa

On Antonio Angel Algora Ciudad Realeko gotzain erretiratuak zuzentzen dihardu eleizbarrutiko abadeek Larrean (Amorebieta) egiten ari diran gogo jardunak. Zaragozako gotzain hau ez dago guztiz erretiratuta, Langile Pastoraltzarako Gotzainen Batzarreko sailean jardunean dihardualako. Soziologoa da eta bere ustez, abadeek lagundu egin behar dabe eta askotan “jira eta buelta inora iritsi ezinik” dabilen gizarte honetan agertu.

Antonio Angel Algora gotzaina hegazkinez etorri zan Bilbora, ez ebalako, joan dan asteburuan askori gertatu izan jakonez, autopistan elurretan ez atzera ez aurrera geratzerik gura. Alderaketa hau darabil gaur egungo gizartearen errealidadeaz aritzeko: “Autopistatik mobidu ezinik gagoz. Kaiola batean jira eta buelta eta beti leku berean dagoan hamsterraren antzekoak garala emoten dau. Asko eta asko ezin da lan-kontsumo-lan espiraletik atara”. Prestakuntzaz soziologoa da eta katolikuen erronkarik garrantzitsuena gizarteari laguntza emotea da, “mekanismoz aldatu daian”.

Langile Pastoraltzak gaur egun dauan egitekoa dala-eta, garrantzitsua dala uste dau, gure gizarte honetan, “langilea bere gaitasun pertsonala kapital bati saltzen deutsan persona” dalako. Bere arrazoibidean aurrera eginez, errealidadea zabala dala dino, izan be, “eten barik hara eta hona dabilen goi mailako exekutiboa izan daiteke, gautik egunera kalean geratzen dana dagoeneko ez dabelako bere beharrik edo lan eta soldata eskasa dauan eta langabezian geratzen dan behargina”. Bere ikuspuntutik, Eleizaren Doktrina Sozialak asko dauka esateko eta eskaintzeko “egoera honeek aldatzeko gauza garrantzitsuez ari dalako”. Harrigarria iruditzen jako sindikatu eta alderdi politikoen hain afiliatu gitxi izatea, “antolatzeko gai izan beharko geunken gizarte honetan”. Hori dala-eta, langileen mobimentu apostolikoek esperientzia luzea dabela eta gure gizarterako “guztiz baliotsua” izan daitekela adierazoten dau.