Frantzisko Aita Santuaren ‘Patris corde’ gutun apostolikoa argitaratzeaz batera, Penitentzialari Apostolikoaren agindua argitaratu zan, Aita Santuak deitutako “San Joseren urte” berezia eta “parkamen berezien doea” iragarriz. Berariazko jarraibideak emoten dira Mariaren Senarraren oroimenari eskainitako egunetarako, hau da martxoaren 19rako eta maiatzaren 1erako, eta gaixo eta adinekoentzat, “osasun larrialdiaren gaur egungo testuinguruan”.
‘Amoris Laetitia’ urtea
Gainera, Frantzisko Aita Santuak joan dan abenduaren 27an Familia Santuaren eguneko ospakizunean datorren martxoaren 19an bost urte beteko dituan ‘Amoris Laetitia’ sinodo osteko aholku-hitz apostolikoari lotuta adierazi ebanez, ‘Amoris Laetitia’ familiari eskainitako urte berezia deitzea erabagi dau. San Jose egunez emongo jako hasiera eta 2022.eko ekainean ospatuko dan Familien Munduko X. Biltzarragaz amaituko da. Aita Santuaren esanetan, “urte berezi hau ‘Amoris Laetitia’ agiriaren edukietan sakontzeko aukera izango da eta horretarako pastoral proposamen eta bitartekoak jarriko dira eleiz alkarte eta familien esku, ibilbidean lagun egiteko”.